Teresa Toda: "Une honetan zabalik dagoen sufrimenduaren iturri bakarra espetxe politika da"

Ubane Madera 2016ko urt. 8a, 08:00
Teresa Toda Arrasaten.

"Presoen sakabanaketaren zein aplikatzen zaizkien beste salbuespeneko neurrien indargabetzea eskatzeko" bi manifestazio antolatu dituzte Bagoaz eta Sare elkarteek biharko, zapatua, 17:00etan, Bilbon eta Baionan. Presoen etxeratzearen aldeko mobilizazio horren deitzaileetako bat da Teresa Toda, Sareko bozeramailea.

"Ideologia guztien gainetik" parte hartzeko dei egin duzue…
Presoen, haien senideen eta iheslarien egoeran ukitzen dira giza eskubideak, eta giza eskubideen defentsa jarri behar dugu politikaren gainetik, politikakerien gainetik eta ideologien gainetik. Espainiako eta Frantziako espetxe politikek presoen eskubideak urratzen dituzte, eta funtsezkoa da gai honi bukaera ona ematea benetan jarri nahi badugu Euskal Herria eta euskal jendartea bakearen eta elkarbizitzaren bidean. Badakigu gero eta zabalduago dagoela kezka hori euskal jendartean, nahiz eta askotan oso nabarmena ez izan.
Ildo beretik, espektro zabaleko atxikimenduak dituzue, baina egunotan bat nabarmendu da bereziki…
Bai, Rosa Rodero, Joseba Goikoetxearen alarguna. Oso emakume ausarta izan da horrelako pausoa emateko, eta jende askori balio izan beharko liezaioke eurek ere horrelako pausoak emateko, alde batetik zein bestetik. Min eta sufrimendu asko pilatu da urteotan, baina une honetan zabalik dagoen sufrimenduaren iturri bakarra da espetxe politika. Sufrimendua betiko da; pairatu duenak betiko dauka barruan, baina orain sufrimendu berriak sortzen ari dira espetxe politika dela eta. Horregatik esaten dugu horrelako sufrimenduei ateak itxi egin behar zaizkiela behingoz eta esperantzari ateak ireki. Eta uste dut Rosa Roderoren jarrerak hori egin duela. Beraz aparte, baina, badago espektro zabala deia babesten: juristak, kulturako ahotsak (Kepa Junkera…), kirolariak…
Eta beste izen ezagun batzuk ere nabarmendu dituzue egunotan…
Manifestazioko azken adierazpena Xabier Eguzkitzek eta Zuriñe Hidalgok irakurriko dute, pankartan Rosa Rodero bera egongo da, eta, batzuk aipatzearren, Fermin Mugurutza, Gemma Zabaleta, Juan Mari Bidarte, Juan Mari Olano… Bihar islatuko da orain arte egindako lanaren emaitza eta hemendik aurrera zela joan behar dugun ideologien gainetik gai hau mahai gainean jartzen.
ETAk jardun armatua laga zuenetik lau urte pasa arren, presoen egoerak okerrera egin duela salatu duzue…
Benetan bitxia, deigarria da; Euskal Herrian gertatu dena ez da munduan inon gertatu: erakunde armatu batek bere jarduera bertan behera uztea eta beste aldetik inongo erantzunik ez jasotzea. Are okerrago, espetxeetako baldintzek okerrera egin dute, Espainiako gobernua bere lubakian sartuta dago eta jarraitu dute epaiketa politikoak egiten, atxiloketak, herritar batzuek jazarpena jasaten dute, hainbat urte espetxean eman eta azkenean absolbituta geratu diren gazteak… hori guztia kezkagarria da, eta horregatik da horren inportantea euskal jendartea aktibatzea eta larunbatekoa moduko mobilizazioak egiteaz gainera, eguneroko bizitzan ere jardutea, ze horrek sortuko du presioa euskal instituzioengan, euskal eragileengan eta pixkanaka Madrilera iritsiko da, eta Europara ere bai. Eta Europa ere inportantea da, ze hortik etorri baitira ebazpen batzuk zentzu positiboan, eta gehiago espero dezakegu. (…) Bestalde, urteotan dispertsioa janzteko erabili da salbuespeneko legea, eta hori da, hain zuzen, bertan behera geratzeko eskatu behar dena, ze geratzen den momentutik egoera erabat alda daiteke: presoei aplikatuko zaie lege arrunta eta espetxean dauden dozenaka preso libre aterako lirateke edo baldintzapeko askatasunean, gaixo daudenak ere bai… Gauza asko konponduko lirateke. Eta hori Espainiako legeak ahalbidetzen du.
Beraz, garrantzitsua da erretratu jendetsua erakustea bihar…
Eskatuko nuke ahaleginik handienak egiteko Bilbora joateko –edo Baionara, tokirik gertukoenera–. Guztiei egiten diet dei, jakinda ere agian zure ondoan ibiliko denarekin ez zarela bat etorriko gauza askotan, baina larunbat honetan denok bat gatoz helburu jakin batekin: Euskal presoak Euskal Herrira. Hori da bihotzeko eta arrazoizko deia. Gero hori nola gauzatuko dugun ikusi behar da, baina inportanteena da larunbatean denok batera egitea, honako leloarekin bat eginez: konponbidea, bakea eta giza eskubideak defendatzeko presoak Euskal Herrira; lelo horren pean nahiko genuke ahalik eta jende gehien batu.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak