Aitorpena Internetez bidaltzea derrigorrezkoa dute honako hauek:
- Hileko itzulketen erregistroan inskribatuak dauden zergapekoek.
- Azaroaren 24ko 1011/2010 Foru Aginduan agertzen diren zergapekoek.
Enpresa horiek eta aitorpena Internetez aurkeztea aukeratzen duten gainerako zergadunek Gipuzkoataria bidez (https://www.gfaegoitza.net) bidali beharko dute aitorpena; beraz, pasahitz operatiboa edo sinadura elektronikoa izan behar dute.
Foru Ogasunak dioenez, “Internetez aurkezteak abantaila handiak ditu zergadunarentzat”. Izan ere, Gipuzkoatariaren bidez, hainbat zerbitzu eskura dituzu atari bakar batean: laguntza programen deskarga, zorren kontsulta, aitorpenen kontsulta….
Bestetik, Itzultzeko emaitza duten aitorpen-likidazioetan, badago ikustea zein tramitetan dagoen itzulketa. Gainera, jakin daiteke informazio edo dokumentaziorik errekeritu ote zaion eta, hala bada, errekerimendu hori ikusi.
Interneten bidez aurkeztutako eta Ingresatzeko emaitza duten aitorpen-likidazioen kasuan, gerorapen eta zatikapen eskaera ere Internetez egin daiteke.
Errekargurik ez, baizik eta zigorra
Foru Ogasunak gogora ekartzen du zigortuta dagoela epe barruan ez ordaintzea, zergapekoek ondorengo aitorpen-likidazio batean egoera erregularizatzen badute ere zergaldia berariaz adierazi gabe. Hau da: baldin eta aurreko zergaldietan (aurreko hiruhilekoetan, kasu) sortutako ordainketak ondorengo zergaldi batean pilatzen badira, zigorra jasoko du zergadunak eta ez, ordea, epez kanpo ordaintzeagatik jasotako errekargua. Aitorpen-likidazioa epez kanpo aurkezten bada ere zigorra jasoko du zergadunak.