EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin onartu dira foru aurrekontuak

Leire Kortabarria 2015ko abe. 23a, 16:12
Abenduaren 23ko osoko bilkurako irudi bat.

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, baikor agertu da gaur Batzar Nagusiek Foru Aldundiaren datorren urteko aurrekontuak onartu direlako. Hain zuzen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, Alderdi Popularraren abstentzioarekin eta EH Bildu eta Ahal Duguren aurkako botoekin onartu da 813 milioiko aurrekontua.

Osoko Bilkuran onartu dute proiektua, eta honako hau esan du Markel Olanok: “Gobernura iritsi eta sei hilabetera, baditugu gure gobernu jarduna gidatuko duten hiru bide-orriak”, aurrekontuez gain Kudeaketa Planaren eta Ekonomia Suspertzeko Planari erreferentzia eginez. Azaldu duenez, onarpen hau foru Gobernuaren “sendotasun” eta “egonkortasunaren” adierazle da.

Onartutako proiektuaren arabera, foru erakundeak 813 milioi izango ditu datorren urtean erabilgarri, aurten baino 42 milioi euro gehiago (%5,4ko hazkundea). Hedabideei egindako adierazpenetan, Olanok gogoratu du aurrekontuek ekonomia suspertzea dutela lehentasun, aldi berean egun indarrean dagoen babes sozialeko sistema bermatuz: “Gakoa Gipuzkoa ekonomia sustapenaren bitartez berpiztea da, ideia honen gainean eraiki ditugu aurrekontuak eta ekimenak lurraldeko biztanleek dituzten arazo nagusiei erantzuna ez ezik irtenbidea ere ematen die”, nabarmendu du.

Aurrekontuak legealdi honetan Gobernu estrategia finkatzen duen Kudeaketa Planetik eratorriak dira eta, zehazki, ekonomia sustapenaren arloan, 23 milioiko hazkundea jasotzen dute, 2015ean baino %49,11 gehiago.

Aberastasunaren gaineko zergaren erreforma, aurrera

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergaren erreformak ere Batzar Nagusien onespena jaso du. Foru Arau honek hiru aldaketa egiten ditu aipatutako zergan. Batetik, enpresetako parte-hartzeak, orain arte %75ko hobari edo bonifikazioa zutenak, salbuetsita geratu dira. Bestetik, ondasun higiezinen balorazioa aldatu da: orain arte erosketa balioa, katastroko balioa edo Ogasunak kalkulatutakotik altuena hartzen zen eta, aurrerantzean, katastroko balioa bakarrik erabiliko da. Hirugarren aldaketa tasen igoera da.

Foru Aldundiak esan duenez, erabaki honek ere ekonomia suspertzea du jomuga eta aurreikuspenen arabera ez dio diru-bilketari eragingo.

Honez gain, Batzar Nagusietako saio berean, beste bi Foru Arauk ere jaso dute batzarkideen oniritzia: zerga alorreko aldaketa jakin batzuk biltzen dituenak eta 2015eko ekitaldirako konpromiso kredituak onartzen dituenak.

EH Bilduk dio "gobernu antisoziala" dela

EH Bilduk esan duenez, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten “gobernu antisozialaren adierazle argia” izan da gaurko osoko bilkura. Honako balorazioa egin du EH Bilduk: “Alde batetik, Foru Gobernuak enpresari aberatsenei eta eliteko kirolarien errenta irregularrei zergak jaitsi dizkie. Bestetik, murrizketa sozialak ekarriko dituzten Aurrekontuak onartu ditu 2016rako. Foru Gobernuak, berriro ere, adiskidekeriaz jokatu du errenta handiekin beraien neurrira egindako fiskalitatea ezartzen. Bitartean, behar gehien dituzten gipuzkoarrak bazterrean utzi ditu”. EH Bilduren ustez, “gizarte justuagoa eta orekatuagoa eraikitzearen kontrako norabidean doa Diputazioa”.

Salatzen du EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituztela EH Bilduk aurkeztutako 132 zuzenketa baino gehiago, eta, horren ondorioz, “gizarte sistemak atzera egingo” duela Gipuzkoan: “Foru Gobernuak ez ditu irekiko Gizarte Zerbitzuen Mapan ezartzen diren plaza berriak, ez ditu babestuko egoitzetako 4.800 langileen lan baldintzak eta ez du beteko Kabia erakundeko egutegia. Beraz, gizarte politiken gainbehera benetan larria da, eta horrela salatu dute Batzar Nagusietan elkartu diren hainbat eragile sozialek”.

2016ko Aurrekontuaz gain, Fortuna Handien Gaineko Zergaren aldaketa ere onartu dute EAJk eta PSEk, “fiskalitate eredu atzerakoia eta eskuindarra inposatuz”, EH Bilduren hitzetan. Gaineratu duenez, “Foru Gobernuaren erreformak elite pribilegiatuak babesten ditu eta desberdintasunean sakontzen du”.

PSE-EEren eta Ahal Duguren arteko ika-mika

Podemos-Ahal Dugu eta PSE-EE alderdien arteko ika-mika ere izan da gaurko osoko bilkuran. Podemos-Ahal Duguk esan du PSE-EEk “ETAren terrorismoaren erabilera alderdikoia” egin duela “Podemos-Ahal Dugu erasotzeko”. Fiskalitateaz eztabaidatzen ari zirenean gertatu da ika-mika.

Hain zuzen, PSE-EEko batzarkide Julio Astudillok aurpegiratu dio Podemos-Ahal Duguri haiek “ez zeudela” PSE-EEkoak “ETAren terrorismoarengatik hiltzen” ari zirenean. Hitz egiteko txanda berreskuratu dutenean, Podemos-Ahal Duguko Juantxo Iturria bozeramaleak egonezina azaldu du hitz horiengatik. Esan du “ondo ez” dagoela “terrorismoaren biktimen mina helburu alderdikoiekin” erabiltzea, Podemos-Ahal Dugu erakunde berria dela eta askotariko jendeak osatzen duela, eta PSE-EEri GAL sortu izana ere aurpegiratu ahal zaiola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak