EH Bilduk irabazi du eskualdeko herri gehienetan: Bergaran, Oñatin, Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan. Nahiz eta irabazi duen herri horietan guztietan behera egin duen, nabarmen, 2011ko emaitzekiko. Eskualdeko herri guztietan egin du behera koalizioak. EAJk, aldiz, gora egin du herri guztietan, Leintz Gatzagan izan ezik.
Bergara eta Oñati dira EH Bilduk irabazi duen bi herri nagusiak; beste lauak, eskualdeko txikienak dira.
EAJk Aretxabaletan eta Eskoriatzan irabazi du, 2011ko emaitzak irauliz eta maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako garaipenari eutsiz. Erreferentzia moduan hartzen badugu duela 6 hilabeteko hauteskunde horiek, Bergaran izan da aldaketa; boto gutxi batzuengatik bada ere, EAJren aurretik geratu da EH Bildu (54 boto gehiago).
Eta, marea morea, Ahal Dugu-Podemosen eskutik, eskualdeko herri handienera heldu da bereziki. Arrasaten lehen indarra da, EAJren eta EH Bilduren aurretik. Arrasaten, bestalde, EAJ nagusitu zaio EH Bilduri, maiatzean bezala.
Gipuzkoan, moreak
Gipuzkoan, berriz, erabatekoa izan da Podemosen arrakasta, botoetan EAJri eta EH Bilduri aurrea hartu die-eta; nahiz eta, hori bai, EAJk beste diputatu eskuratu Gipuzkoan. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, hor ere EAJk aurrea hartu du, diputatu kopurutan. Botoetan, Podemos-Ahal Duguk.
Inkestek oraingoan ez dute guztiz asmatu; ez behintzat, Podemos-Ahal Dugu alderdiari eta gure esparruari dagokionez. Debagoienean, ezustekorik handiena Arrasaten eman du, lehen indarra izatera iritsi da-eta. Zeresanik ez Gipuzkoan; adibidez, deigarria da Eibarren ere lehen indarra izatea Podemos-Ahal Dugu, tradizionalki sozialisten plaza izan da-eta armaginen hiria –hirugarren indarra da orain bertan PSE-EE, aurrea hartu dio baita EAJk ere– . Eta Podemos-Ahal Duguren arrakasta errepikatu egiten da, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan ere.
Arrasateko Uarkapen boto zenbaketa egiten. Ustekabeak hautetsontzietan.
Espainian, PP
Espainiari begiratuta, hor bai, inkesten esana gauzatu egin da, alderdi irabazleari dagokionean, behintzat. Inkestek ziotenarekin alderatuta, baina Ciudadanos-ek aurreikusi baino ordezkaritza txikiagoa eskuratu du.
Itunak?
Ikusteko daudenak orain itunak dira. Izan ere, historian lehen aldiz alderdi nagusiek ez dute zertan alderdi nazionalistaren batekin itunak erdietsi, alderdi berriak sartu direlako, indartsu sartu ere.
Bergarar bat senatari
Debagoiendarrek Gorteetan izango duten ordezkaritzari dagokionez, aurten bakarra izango da: Victoriano Gallastegi bergarar jeltzalea EAJk Gipuzkoan eskuratu dituen hiru senatarietako bat izango da-eta. Ez da lehen aldia Bergarako alkate izandako bat Madrilen senatari izatera heltzen dena. Imanol Bolinaga ere izan zen; hura, halere, ez zuten herritarrek zuzenean botoen bidez aukeratu; Eusko Legebiltzarrak izendatu zuen. Erkidegoek dute horretarako aukera.