Beñat Gaztelumendi txapeldun

Goiena 2015ko abe. 20a, 09:48

Beñat Gaztelumendi azken bertsoa kantatzen, txapeldun izendatu ostean. (Argazkia: Alberto Elosegi)

Buruz burukoan Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi aritu dira. 7.000 ikus-entzuletik gora bildu dira Donostiako Ilunben, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala jarraitzera.

Beñat Gaztelumendiri jantzi dio txapela Inaxi Etxabek 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. 1012 puntu lortu ditu Gaztelumendik, buruz burukoan Alaia Martinekin kantuan aritu eta gero.

Oihana IguaranUnai AgirreBeñat GaztelumendiIñaki ApalategiAgin LaburuArkaitz Oiartzabal "Xamoa"Alaia Martin eta Jon Maia aritu dira Donostiako Ilunben, Saroi Jauregiren gidaritzapean. Zortzi bertsolariek kartzelarekin amaitu dute egin beharreko ariketa sorta eta hortik buruz burukorako sailkatu dira Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. 1012 punturekin, Gaztelumendi da Gipuzkoako txapeldun berria.

BERTSOLARIA

PUNTUAZIOA

Beñat Gaztelumendi Arandia
1012
Alaia Martin Etxebeste
993
Agin Laburu Rezola
614,5
Iñaki Apalategi Astigarraga
603,5
Unai Agirre Goia
595,5
Oihana Iguaran Barandiaran
594
Jon Maia Soria 586
Arkaitz Oiartzabal Agirre 571,5

 

Inaxi Etxabe oikiarrak jarri dio txapela Gaztelumendiri. Plazetan tokia izan ez duten emakumeak ordezkatu ditu Etxabek. Txapela jartzeko momentua bertsoa botatzeko ere baliatu du, txapeldunak agurra bota aurretik.

7.000 lagun baino gehiago hurbildu dira Ilunbera. Beste hainbatek ere www.bertsoa.euseta www.eitb.eus –etik jarraitzeko aukera izan dute sarean zuzenean, eta baita telebistan ere, ETB 4 katean.

Bihar, Hitzetik Hortzera berezia eskainiko du ETB1ek. Txapeldunaren hitzak jaso ditu telebista saioak eta saioko bertsoaldiekin batera izango dira entzungai bihar 15:00etatik aurrera.

Talde antolatzailearen izenean, eskerrak eman nahi zaizkie bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, babesle, laguntzaile eta saioak hartu dituzten tokian tokiko udalei eta bertso-eskolei.

Txapeldunaren agurra:

Mila esker Iker Alustizari

Esoain ta Sukiari

Eizagirretar bixkiei eta

Hernaniko kuadrillari.

Ume beldurti hau jartzearren

erratz batetik kantari

zuek bezela bertso-eskoletan

ari da jende ugari.

Konpromisoa eta jolasa

hitza direnez gauza bi

bertso-eskolaz bertso-eskola

belaunaldiz belaunaldi.

Hau zuentzat da zeratelako

ahots ematen ari

isilik egon behar zuela

esaten ziotenari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak