Euskadiko lan-merkatuaren oneratzea "bistakoa" dela dio Hays-ek

Ander Larrañaga 2015ko abe. 17a, 16:48

Euskadiko lan-merkatua oneratzen dabilela “bistakoa” da, batez ere automobilgintzan, industria laguntzailean, elikaduran eta enpresa industrialetan. Hori ondorioztatzen du Hays-ek, profesional kualifikatuak aukeratzeko prozesuetan lider den multinazional britainiarrak. Oneratze hori joan den apiriletik antzeman daiteke, enpresa horren arabera.

Hays-ek gaineratzen duenez, Euskadiko enpresa gehienek bertako profesionalak nahiago dituzte, izan ere, “lan egiteko duten moduari hobeto egokitzen zatzaizkiola eta konpromiso handiagoa dutela” uste dute.

Euskal Herriko eta Espainiako lan-merkatuen egoera eta eskaerak aztertu ditu Hays multinazionalak. Enpresak dioenez, “lanez aldatu nahi duten edo lan bila dabiltzan profesional gehienak hiru aukeraketa-prozesu baino gehiagotan daude, eta lan-mugikortasuna errealitate bat da; hautagaien %80k lana dute”.

Profil eskatuenak hauek dira: alemanez dakien ingeniari industriala, esportaziorako komertzialak, lantegien deslokalizazioan adituak eta merkatu berriak irekitzen adituak. Zentzu horretan, Hays-ek dio “erbesteratu asko etxera bueltatzen hasiak” direla.

 Eskaintza gehiago dagoen arren, Hays-ek azpimarratzen du soldatak ez daudela oraindik krisi aurreko mailetan. Hobekuntza handienak automobilgintzan eta elikaduran izan dira, eta okerrera egin duen bakarra metalaren industria da, petrolioaren krisiarengatik.

Mondragon Taldeko kooperatibak, "inplikatuta"

Mondragon Korporazioa eta Fagor Etxetresnen krisia ere hizpide ditu Hays-ek: “Mondragon Taldea jendea birkokatzen dabil, eta taldeko enpresak Fagor Etxetresnetatik lan gabe geratu zen jendea kontratatzeko inplikatzen ari dira”.

Talentuari dagokionez, Hays-eko Gema de Francisco ordezkariak dio Euskaditik kanpoko profesionalak Euskadira begira jarri direla, baina euskal enpresek bertako langileak nahiago dituztela, “lan-kultura, zintzotasuna eta lanerako konpromisoarengatik”. Gainera, “eskola teknikoak enpresari oso lotuak daude, eta ondo dauden enpresek gero eta gehiago jotzen dute azken urteetako ikasleak hartzera”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak