Oñatiko eta Arrasateko hamar kide elkartu ziren zapatuan egindako tailerrean. Nork bere gaztetxean egungo egoera azaldu ostean, orokorrean, gaztetxeen egoeraz eta baldintzez berba egin zuten. "Alor ezberdinak landu ditugu. Gai interesgarriez egin dugu berba", esan du Aranak.
Tailerrean parte hartu zutenek ateratako ondorio nagusiena izan zen gaztetxeak "beharrezkoak eta zentzuzkoak" direla: "kontzertuez gain beste hainbat ekintza egiten ditugu. Gazteendako bilgune bat da eta ekintza ezberdinak martxan ipintzeko abiapuntua".
Aldarrikapen beharra
Kortxoeneako gaztetxearen adibidea ere izan zuten hizpide. "Askotan, larritasun egoera sortzen ez den arte ez gara aktibatzen, ez gara motibatzen. Gaztetxea arriskuan egon arte ez gara ekintzatan parte hartzera animatzen. Ozen esan dezakegu gaztetxeean kalitatezko ekintzak egiten ditugula: lanketak, elkarrizketak... Horrek guztiorrek herria eragiteko eta alternatibak proposatzeko balio du. Alternatibak horiek dira gure pausu txikiak", esan dute tailerreko kideek.
Hitzaldiak eta beste
Eguaztenetik domekara egindako jardunaldietan Siriako egoera, sexu askapena, erabakitzeko eskubdea eta beste hainbat hizpide izan dituzte. Hitzaldien bidez landutako gaiak izan dira. Bestalde, Igor Meltxorrek Bidegi auziari buruzko liburua aurkeztu du.