Kurduak oso sakabanatuta daude munduan, diaspora handia dute. Horrexegatik erabat jabetuta daude Goiena Komunikazio Taldea moduko hedabide bat zein garrantzitsua den euren egoera duen herri baten kohesiorako, zein hizkuntzaren eta kulturaren biziraupenerako.
Hori horrela, gaur Goiena Komunikazio Taldean izan dira, euskarazko komunikazioa zela lantzen den ikusten eta hori egiteko ze egitura erabiltzen den ezagutzen. Adibidez, bazkide klubaz, finantzazio iturriez, barruko antolaketaz eta bestez galdetu dute.
Emun, Arizmendi, Kilometroak…
Garabidek gonbidatuta etorri dira sei hizkuntza aktibistak Euskal Herrira, abenduaren 11ra bitartean etorri ere. Hala, bihar, (martitzena) Durangoko Azoka ezagutuko dute; eguaztenean, besteak beste, Emun, eta egubakoitzean, Arizmendi Ikastola.
Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara plangintzaren, Kilometroak ekimenaren eta HUHEZIren berri ere izango dute.
Kurdua estaturik gabeko jatorrizko hizkuntzarik mintzatuenetakoa izateaz gain, Ekialde Ertaineko bost estatutan eta Europako eta Ekialde Hurbileko diasporako hirietan ere hitz egiten da. Hizkuntza kurduaren historia herri kurduaren isla da, hizkuntza-komunitate handi batek bere geroa kudeatzeko izan duen eta duen bilakaera gorabeheratsua.
Kontzientzia zabala
Une honetan Iraken bakarrik da ofiziala kurduera eta, Irakeko eta Siriako gerrek eraginda, kurduen esku dauden lurralde liberatuetan hizkuntza kurdua hezkuntza sisteman garatzen ari da eta esan dezakegu lehendabizikoz sortzen ari direla kurdueraz hezitako eta ikasitako belaunaldiak eta hau, aspaldiko aldarrikapena izateaz gain, erreferentziazko esperientzia da kurdu guztientzat. Oro har, kurdua biziberritzearen inguruko kontzientzia zabala piztu da lurralde kurduan.