Oiarbidek dio Antzuola-Bergara errepideko erabiltzaileendako "benetako arriskua" egon zela

Leire Kortabarria 2015ko abe. 4a, 16:00
Aintzane Oiarbide, Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Antzuola-Bergara (GI-632) errepideko erabiltzaileendako “benetako arriskua” egon zen, hango ezpondaren egoerarengatik; horrela jakinarazi du Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek gaur Batzar Nagusien aurrean egin duen agerraldian. Errepide horretako ezpondari buruzko txosten teknikoekin babestu ditu adierazpenok. EH Bilduk ezponda horri buruzko idatzizko informazioa hainbat aldiz eskatu ondoren erabaki du Oiarbidek gaur agerraldia egitea.

Aintzane Oiarbidek azpimarratu du “aurreko foru Gobernuak erabateko ausarkeriaz jokatu” zuela “arrisku handiko magal bat urtebetez ahaztuta utziz”.

Foru diputatuak azaldu duenez, "2014ko uztailean, Deskargako lanen ondorioz gertatu zen Bergarako ezpondaren hausketa. Abuzturako IKERLURrek egin zuen lehen txosten teknikoa eta bigarrena, berriz, INGEK-ek egin zuen 2015eko otsailean”. Gaineratu duenez, txosten horietan “garbi” ohartarazten da erabiltzaileek izan zezaketen “arriskuaz”. Baina, esan duenez, “hau jakinda ere, EH Bilduren gobernuak ez du ezer egiten ezponda hori egonkortzeko eta urte betez ibili dira gidariak arriskuan”.

Oiarbidek azaldu du gaur egun lanak “asko aurreratuta” daudela, ezponda egonkortuta dagoela eta ez dagoela arriskurik.

AP-1eko lanek "data jakinik gabe" jarraituko dute

Batzar Nagusien aurrean egin duen agerraldian, joan zen azaroaren 27an AP-1ean, Eskoriatzan gertatu zen luiziaz ere azalpenak eman ditu foru diputatuak. “Ez da lehendabiziko aldia mendi-magal horretan lerradurak ematen direna eta azken luiziaren ondoren neurri berriak hartu ditugu Foru Aldundiak. Bereziki geotekniaren prestigiozko aditu baten kontratazioa bideratu dugu, mendi-magal horri behin betiko soluzioa emateko”, esan du.

Lanek irauten duten bitartean neurri desberdinen bitartez kontrolatuta egongo da mendia, sentsore, dron eta topografiaren bitartez. Oiarbide diputatuak azpimarratu nahi izan du “erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzea dela helburu nagusia”.

Bide Azpiegituretako foru diputatuak esan du lanak “oraindik data jakinik gabe” luzatuko direla azken luiziaren ondorioz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak