Herenegun hil zen Mondrako, UDAko, Eibarko edota Logroñes taldeko entrenatzaile izandako Juanito Arriaran

Xabier Urtzelai 2015ko abe. 3a, 15:46
Juanito Arriaran.

Juanito Arriaran hil zen herenegun Gasteizen, 81 urte zituela. Urtetan Goienako kolaboratzaile, Juanito futbol-zale amorratua zen, eta hainbat futbol taldetako entrenatzaile izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan, tartean, Mondra eta UDA zuzendu zituen. Gaur, eguena, izango da hileta elizkizuna, 19:00etan Juan Bataiatzailea parrokian.

Lau anai-arreba hil dira 2015ean, Joxe Arriaran (Arriaran II.a), Felix Arriaran, Tere Arriaran, eta orain Juanito Arriaran (Arrasate, 1934). Lehenengo bi anaiek pilotan egin zuten aurrera, nahiz eta Felixek ez zuen Joxek besteko ibilbide oparoa izan, lesio bat tarteko kirol jarduera utzi behar izan zuelako. Juanito, berriz, futbol-zale amorratua zen, eta bailarako futbol taldeetan ezaguna. Entrenatzaile moduan egin zen ezagun, baina lehenago futbol jokalaria ere izan zen, aurrelaria zuzenak izateko, eta Alavesen iritsi zen gailurrera, Bigarren Mailan jokatuaz (1958-1959 denboraldian).

Entrenatzaile moduan, berriz, ibilbide oparoa egin zuen. Hainbat alditan zuzendu zuen Logroñes taldea, 1975-1976 urteetan lehenengo, eta 1978-1980 urte bitartean gero. Lehenago Eibarren egon zen, urtebetez (1973-1974 denboraldian). eta 1981. urtean Burgosko Mirandes taldea ere zuzendu zuen.

Juanito Arriaran, Mirandes taldeko aulkian (1981). Argazkia: mirandadeportiva.blogspot.com.es

UDArekin, Espainiako Txapeldun

Hasi, baina, etxe ondoan hasi zen, Aretxabaletan, 1971-1972 denboraldian UDAko entrenatzaile zela amateur mailako Espainiako Txapelketa eskuratu zuten, Murtziako Imperial taldearen kontra itzuliko norgehiagokan irabazi ostean. Joaneko partiduan, Ibarran, 2-1 irabazi zuten 4.800 ikusleren aurrean, eta itzulikoan 2-1 galdu zuten Murtzian. Hala, luzapenean, Calvok egin zuen garaipenaren gola. Aretxabaletarrek egin zieten ongietorria ikustekoa izan zen, baina Arriaranek ezin izan zuen askorik ospatu, Madrilerako bidea hartu behar izan zuelako entrenatzaile titulua ateratzera.

Arriaran, Mirandesko zaleei berbetan. Argazkia: mirandadeportiva.blogspot.com.es

1989an, berriz, Mondran egon zen entrenatzaile lanetan, baina arlo ekonomikoan urte gogorrak ziren klub zuri-morean, eta presidentea kendu zuten lehenengo, eta entrenatzailea gero. Hala, Patxi Iarza jarri zuten presidente eta Iñaki Zeziaga, berriz, entrenatzaile.

Azken urtetan, baina, futbol-zale moduan baino osasun gaiez berba egiteko jo izan zuen etxe honek Juanito Arriaranengana, bizitzan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa izan zen bihotz transplante bat egin ziotelako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak