Euskaraz bizitzeko "zailtasunak arintzen eta gainditzen laguntzeko" liburua argitaratu du Emunek

Eneko Azkarate 2015ko abe. 3a, 07:00

Emun Aholkularitzak Irten hizkuntzaren armairutik euskaraz bizitzeko portaera-gida argitaratu du. 2010ean Ferran Suay eta Gemma Sangines psikologoek katalanez argitaratu zuten Sortir de l’armari lingüistic liburuaren egokitzapena da.

Emun 1997an sortu zen lan mundua euskalduntzeko helburuaz eta gaur egun, euskaltzaletasun integratzailean ardazturiko hizkuntza, kultura, aniztasun eta parte hartze aholkularitza eta zerbitzuak eskaintzen dituen profesional taldea da.

2007. urtean hasi zen Emun Aholkularitzaren eta Ferran eta Gemmaren arteko harremana eta urte horretan ekin zion Emunek TELP tailerrak (Taller d’Espai Llingüístic Personal) Euskal Herrian zabaltzeko lanari.

Tailer hauek hizkuntza portaeretan eragiteko interbentzio gisa deskribatu ditzakegu. 9 urte horietan milaka euskal hiztunek egin dute TELP tailerra eta liburua jasotako esperientzien emaitza da.

Irten hizkuntzaren armairutik liburuan irakurleak psikologiari buruzko oinarri batzuk aurkituko ditu, estres linguistikoa zer den ulertzen lagunduko dioten oinarri batzuk.

Ondoren, Bittor, Xabier, Isabel, Adina, Nerea, Khadim eta Itxasne ezagutuko ditu. Pertsonaia horien bizipenetan oinarrituta, euskal hiztunek egunerokoan bizi dituzten egoerak eta zailtasunak aurkituko ditu, baita, estres linguistiko edota zailtasun horiek gainditzeko aholkuak ere. Euskararen erabilera indartuko duten portaera asertziozkoak proposatzen baitira liburuan. Beraz, "autolaguntza liburu gisa" definitu dezakegu Irten hizkuntzaren armairutik, Emunen esanetan. "Ikuspegi psikologikoak eskaintzen dituen tresnak baliatu eta hizkuntza portaera ahalik eta normalizatuena izaten laguntzeko gida" bat da.

Egokitzapenak katalanezko bertsioarekiko hainbat ezberdintasun ditu. Ez dira bakarrik pertsonai eta lekuen izenak aldatzen, baizik eta egoera batzuk eta pertsonaia batzuen ezaugarriak ere aldatzen dira; egoerak ahalik eta errealenak izateko.

Gainera jatorrizko bertsioan agertzen ez den atal bat ere badu euskarazko egokitzapenak: euskaraz ofizialtasunik ez duen herrian bizi den pertsonaren bizipena, hain zuzen ere. Emunek euskarak ofizialtasunik ez duen lurraldeetako euskal hiztunen esperientzia ere islatu nahi izan du liburuan.

Liburuaren egokitzapena Emuneko aholkularia den Juanjo Ruizek egin du eta liburuaren itzulpena Imanol Larreak. Emunek euskal hiztunei eskaini nahi die liburua, euskaraz bizi nahi duten euskal hiztunei. Euskaraz bizi nahi horretan, zailtasunak gainditzen lagunduko dielakoan liburuak. Euskaraz bizi nahi dut leloa, euskaraz eroso bizi nahi dut bihur dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak