Joserra Zubizarreta, alkatea: "Konfiantza dugu herritarrek erantzungo dutela"

Goiatz Arana Begiristain 2015ko aza. 29a, 21:51

"Pozez zoratzen" hitz egin du Joserra Zubizarreta alkateak, emaitzak ezagutu berritan, "lortutako emaitzengatik eta izandako parte-hartzeagatik eta lasaitasunagatik". Bere esanetan, Eskoriatzak herri eredugarria dela erakutsi du gaur, domeka: "Alkate batentzat ardura handia da herri galdeketa bat egitea, baina eskertzekoa eta zoriontzekoa da izandako erantzuna". "Gu ika-miketan, eta jendea errespetuz eta patxadaz", gaineratu du. Albiste barruan, elkarrizketa osoa.

Emaitza loteslea izango da?

Bai, loteslea izango da. Emaitza errespetatuko genuela esan genuen, eta hala egingo dugu. Eskoriatzarrek garbi hitz egin dute eta ez dut uste inork kuestionatuko duenik aldaketa. 

Noiz jarriko duzue martxan bosgarren edukiontziaren sistema?

Denbora beharko dugu. Pare bat hilabete-edo joango zaizkigu bileretan, edukiontziak non eta nola jarri erabakitzen... Nahiko genuke aldaketa ahalik eta azkarren egitea, baina otsail bukaera edo martxo hasiera helduko da sistema berria martxan jartzerako. Herritarrak denborarekin informatuko ditugu, bilerak egitea da gure asmoa. Edozein kasutan, lasaitasuna eskatu behar diegu, gutxieneko denbora bat beharko dugu-eta.

Nolako sistema izango da, zehazki? Nolabaiteko kontrol neurririk izango da?

Helburua birziklatzea da, baina, hasieran gutxienez, ez gara kontrolaren eta inposizioaren aldekoak, nahiago dugu jendea kontzientziatzea. Jarraipena egingo dugu, hori bai, eta neurriak zorroztuko ditugu beharrezkoa dela ikusten badugu, baina konfiantza dugu herritarrek erantzungo dutela.

Gaur egun, birziklatze-maila %78 inguru da Eskoriatzan. 

Hala diote.

Eta ze birziklatze-maila izango duzue zuek helburu?

Ahal den eta handiena; hori izango da helburua. 

Eta gutxienekorik?

Gutxienekorik ez dugu zehaztuko hasieran. Lehen esan moduan, uste dugu herritarrek erantzungo dutela.

Espero zenituzten emaitza hauek?

Ez. Bagenuen konfiantza eta ikusten genuen bagenuela aukera, baina ez genuen espero horrelakorik. Bronka ere bota digute, herri galdeketa antolatzeagatik, herritar batzuek uste dutelako nahikoa zela maiatzeko hauteskundeetako emaitzekin. Baina gure erantzuna izan da herriari galdetuko geniola esan genuela eta hala egingo dugula.

Zertan irabaziko dute eskoriatzarrek bosgarren edukiontziaren sistemarekin?

Lehenik eta behin, eurek erabakitako sistema izango dutela, eta ez inposatutakoa, orain arte moduan. Bigarrenik, gutariko bakoitza arduratsua izango dela gure zaborraren kudeaketan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak