Kike Amonarrizek euskararen alde egindako lana aitortuko du Anton Abbadia Sariak

Kike Amonarriz (Argazkia: EITB)

Soziologo eta aurkezle tolosarrak "euskara mezu positiboarekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotzeko" egindako ekarpena aitortuko zaizkio.

Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) soziologo eta aurkezle ezaguna errekonozituko du aurten Anton Abbadia Sariak, landu dituen esparru anitzetan euskararen normalkuntzaren alde egindako lanagatik eta "euskara mezu baikorrekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz" ekarpen izugarria egin diolako hizkuntzaren bizitasun eta aberastasunari. Hala azaldu du Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, zeinetan nabarmendu duen, baita ere, Amonarrizek aurkezle eta gidoilari moduan telebistara eraman dituen euskarazko saio "arrakastatsu, gozagarri eta interesgarriak".

Gipuzkoako Foru Aldundiak bi urtean behin euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko ematen du Anton Abbadia saria. Aurtengo honetan Iago Rey eskultoreak sortutako artelana jasoko du Kike Amonarrizek sari gisara, datorren astearteko 19:00etan Aldundiko Iargi aretoan egingo den ekitaldian. Mikel Irizarrek eta Iago Reyk elkarrekin prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundian, 2015eko saridunaren berri emateko.

Irizarrek jakinarazi duenez, Arantxa Urretabizkaiak, Jone Miren Hernandezek, Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusiak, Maite Artolak, eta -aurreko edizioan saritutako Ixa taldearen izenean- Arantxa Diez de Ilarrazak osatu dute aurtengo epaimahaia eta proposatu dute Kike Amonarriz Anton Abbadia sariaren edizio honetarako, hainbat arrazoi kontuan izanda. Alde batetik, soziolinguista gisa egindako lanen eta idatzitako artikuluen “sendotasunagatik”; eta, bestetik, aitortzeko telebistan euskara modu gozagarrian eta interesgarrian erakutsi duten saio ezberdinekin izan duen arrakasta.

"Landu dituen esparru guztiek euskara izan dute ardatz. Mezu baikorrekin, animosoekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz, bereziki gazteei begira euskara erabilgarri eta dibertigarri izan daitekeela erakutsi du, eta hizkuntzak behar duen bizitasuna eta aberastasuna sustatu ditu", adierazi du Irizarrek.

Kike Amonarriz

Tolosan (Gipuzkoa) jaioa, 1961eko irailaren 30ean. Herriko Eskolapioen ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. Unibertsitatean, Euskal Filologia hasi berrian ikasketak amaitu zituen arren, umorista eta telebistako aurkezle gisa da ezaguna gaur egun.

1980ko hamarkadan SIADECO etxean soziolinguista lanetan murgilduta aritu zen eta arlo horretan artikulu, ikerketa eta iritzi-zutabe asko argitaratu zituen Bat, Jakin, Argia eta Hermes aldizkarietan.

Umorearen aldera lerratuta gaztetatik, Zeruko Argia-n hasi zen umorezko artikuluak idazten eta, soka horretatik tiraka, hainbat txiste liburu eta kasete argitaratu zituen. Alderdi umoregileari loturik hasietan, Euskal Telebistan lan ugari egin ditu eta hainbat saiotan parte hartu du aktore, gidoilari eta aurkezle lanean, besteak beste Balinda, Funtzioa eta Txiskola bezalako saioetan. Azken urteotan arrakasta handiko saioak gidatu ditu telebistan, Mihiluze, Tribuaren Berbak eta Burubero horren lekuko, non entretenimendua, dibertsioa eta euskararen ezagutza uztartu dituen.

Anton Abbadia Saria

Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Beste saririk bada euskararen inguruan, baina gehienetan alor berezietakoak dira edo jende adituentzat eginak.

Anton Abbadia sariak esparru zabalagoa hartzen du: euskararen bizi indarra areagotu, gizarteratu eta hedatzeko pertsonei edo egitasmoei egindako aitorpena izan nahi du. Hain zuzen, euskaltzaleen artean nabarmentzeko moduko pertsona eta ekimen asko dagoela iritzita, orain arte bi urtez behin ematen zen saria aurtengo ediziotik aurrera urtero emango da.

Finean, Anton Abbadiaren oroimena berrituz, sariak euskaltzaleen biltzar txiki bat izan nahi luke: urtero, euskararen alde ari direnen harremanak sendotu eta gogoberritu nahi genituzke sari ematearen inguruan, giro hurbil, bero eta alaian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.