Formazio dualaren garrantzia azpimarratu du, eta horrekin konprometituta dauden enpresak identifikatzea proposatzen du Gipuzkoa Garailek. Horrekin lotuta, Gipuzkoan 5 urteko epean behar izango diren lan-profilak betetzen dituzten profesionalen aukeraketa bultzatuko da, eta ikasketa teknikoak eta zientifikoak indartuko dira Lehen Hezkuntzatik hasita.
Bestalde, Technology Company Camps direlakoak martxan jarri nahi ditu Gipuzkoa Garailek. Helburua da langileek euren berrikuntza gaitasunak garatzea eta lantokietara eramatea.
Pertsonaren formaziorako balioak lantzen dituen materiala egitearen alde ere agertu da, eta baita inspiratzaileak diren enpresaburu eta ekintzaileen ereduak dibulgatzearen alde ere.
Ekintzailetzaren gaineko formazio-programak diseinatzearen aldeko apustua ere agertu du.
Ikerkuntza eta aurreratutako fabrikazioa
Ikerkuntza koordinatua, aurreratutako fabrikazioa eta espezializazio adimentsuari dagokionez, unibertsitateen, zentro teknologikoen eta Lanbide Heziketa zentroen arteko interakzio handiagoa proposatzen du Gipuzkoa Garailek. Ildo honetan, Gipuzkoa Garailek lantaldea osatuko du Eusko Jaurlaritzaren RIS 3 estrategia Gipuzkoara moldatzeko. Enpresa-zentro teknologikoak-unibertsitateak bultzatuko dituzten proiektuak identifikatzea beharrezko ikusten dute.
Era berean, ETEei aurreratutako fabrikazioan laguntzeko zerbitzuaren beharra ikusten dute.
Proiektu berritzaileendako inbertsioari eta finantzaketari dagokionez, atzerriko kapitala erakartzeko moduak aztertzeko lantaldea osatuko du Gipuzkoa Garailek. Bereziki, hazteko gaitasun handia duten oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko gertu dauden ekintzaileak erakarri eta ikusgarri egin nahi ditu.
Kanpoko proiekzioaz ere jardun dute. Gipuzkoan, Lanbide Heziketako Nazioarteko Campusaren alde agertu dira; baita hazten ari diren herrialdeekin erakunde-harremanak sortzearen alde, Gipuzkoaren erakargarritasuna sustatzearen alde, Lanbide Heziketako ikasleen nazioarteko formazioa bultzatzearen alde eta esperientzietatik ikastearen alde ere.
Gipuzkoa Garailek esan du “aldiro-aldiro eta emaitzak lortzen diren neurrian”, horiek jakinarazi egingo dituela.