Energia eraginkortasunaren gaineko hitzarmena berretsi dute MUk eta EVEk

Leire Kortabarria 2015ko aza. 27a, 16:27
MUko eta EVEko ordezkariak, hitzarmena berritu ostean.

Lankidetza-hitzarmena berretsi dute Mondragon Unibertsitateak eta Energiaren Euskal Erakundeak. Hitzarmenaren helburu nagusia da energia eta energia eraginkortasun ikasgela bat garatzea, energia alorreko industrian eragina duten berrikuntza teknologiko proiektuak egin ditzaten ikasleek, halakoetan interesa erakusten duten beste enpresa batzuekin batera. Hernanin izan da, Orona Ideon, dibulgazio jardunaldi baten barruan.

Mondragon Unibertsitateak eta Energiaren Euskal Erakundeak batera antolatutako dibulgazio jardunaldian industria arloko eragileak eta  Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza ikasleak izan dira; bertan, Euskadiko energia egoeraren berri izateaz gain, eraginkortasun, energia berriztagarri eta garapen industrialaren inguruko gogoetak entzuteko aukera ere izan dute bertaratuek.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat dute, gaur berretsi dena. Berrikuntza teknologikoari lotutako egitasmoak sustatzea eta industrian eragina duten prestakuntza programak egitea dira haren helburu nagusiak. Hitzarmen horren barruan egin da egubakoitzeko dibulgazio jardunaldia, Euskadiko egungo energia egoera aztertzeko eta berrikuntza teknologikoen adibide praktikoak erakusteko xedez.

Jardunaldian, Energiaren Euskal Erakundeko Teknika eta Azterlan ataletako zuzendariek luze eta zabal aritu dira egungo euskal energia sistemaz eta hurrengo hamarkadetan erantzun beharko dituen erronkez. Mondragon Unibertsitateko Energia Elektrikoan Ikerkuntzako koordinatzaileak, berriz, elektrizitate sektorearen erronka teknologikoen berri eman du. Horretaz gain, iazko ikasturteko ikasleek burutu zituzten proiektuak aurkeztu dituzte, hitzarmenaren esparruan dauden eta jadanik industrian aplikazioa duten egitasmoak, hain zuzen.

Ikasgela garatzea

Hitzarmenaren helburu nagusia da energia eta energia eraginkortasun ikasgela bat garatzea, energia alorreko industrian eragina duten berrikuntza teknologiko proiektuak egin ditzaten ikasleek, halakoetan interesa erakusten duten beste enpresa batzuekin batera. Era horretan, produktu industrialei transferentzia zuzena ekarriko dien teknologia berritzailea garatu nahi da, eta, ondorioz, hobekuntza teknologikoa, energia egoera eta lehiakortasun maila hobetzea, eraginkortasunaren bitartez.     

Jardunaldia amaitu ondoren, Mondragon Unibertsitatearen eta Energiaren Euskal Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena berritu dute erakunde biotako arduradunek. Hitzarmenari esker, ikasturte honetako ikasleek zenbait egitasmo garatu ahal izango dute; adibidez, igogailuetan prestazio handiko ateen eragingailuen hobekuntza teknologikoak, salgaiak garraiatzeko eraginkortasunean hobekuntzak eta energia berriztagarriei lotutako proiektu berritzaileak; zehazki, biomasa-galdarak eta sare elektrikoak itsas energien alorrean aplikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak