Xabi Lijo: "Astebetean San Silbestre traileko izenemate erdia bete dugu jada"

Hankaluze Trail taldeko kide Xabi Lijo.

Abenduaren 31n egingo duten San Silbestre trail –Peugeot Etormobil Saria– lasterketako izenematea zabaldu zuten joan den egubakoitzean, eta lau egunetara dagoeneko 150 lagunek emana zuten izena –guztira 300 dortsal egongo dira. Baina, horrek ez ditu Hankaluze taldekoak ezustean harrapatu.

Espero zenuten halako erantzun onik?

Beno, benetako sorpresa iaz hartu genuen, 200 dortsal jarri genituela baina uste genuen 150 lagun baino gehiago ez zirela etorriko. Eta, astebetean hegan egin zuten dortsal guztiek. Aurten kopurua handitu dugu.

Eta hor ere denak beteko dira.

Ikusiko dugu. Normala da hasierako egunetan olatu hori egotea, jendea ere kalean galdezka zebilen, eta igartzen genuen interesa. Orain, jendea joango da izena ematen, baina polikiago.

Helburuetako bat bete duzue, lasterketa herrikoi moduan sortu zenuten, eta dagoeneko Bergarako askok eman dute izena.

Bai, horrek harritu nau gehiago, orain arte bergarar mordoa dagoela ikusteak. Gustatuko litzaidake parte-hartze osoaren %40 edo %45 bergararrak izatea. Kopuru polita izango litzateke, baina noski, inguruko guztiak ere ongietorriak dira.

Beste helburu bat, emakumezkoak lasterketara animatzea.

Hori da antolatzaileok daukagun beste helburuetako bat, eta oraingoz datuak ez dira oso onak, 150 lagun pasatxotik emakumezkoak 20 inguru direlako. Gure sasoiko emakumezkoak ez dira horrenbeste ikusten, baina gazteak indartsu datoz, kirola egiteko gogoz. Ea animatzen diren, ez delako proba gogorra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.