Javier Sotilek Mondragoneko presidente karguan egin duen urtearen balorazioa egin du, eta “oso lanpetuta” egon dela baina “oso aberasgarria” izan dela esan du.
Onartu du Mondragoni gutxitan egokitu zaiola “hain une gogorra” bizi izatea, baina “negozioak aurrera” doazela, salmentak “hazten” dabiltzala eta, horrekin, enplegua sortu dela eta horrek “konponbide berriak” ekarri dituela. Onartu du ere, krisialdietan, giroa eta konfiantza ez direla “onenak” izaten, baina, urte bete igarota, “giroa asko lasaitu” eta “konfiantza asko hobetu” direla.
Fagor Etxetresnen gaineko hiru ponentzia
Azaldu duenez, joan den urte bukaeran, Korporazioak gogoeta prozesu bat hasi zuen Fagor Etxetresnen porrotaren harira, eta “lan gogorra” egin eta gero, hiru ponentzia egin direla eta kooperatibek izan dutela horien berri. Ponentzietan honako hau landu dute: “Gure balio kooperatiboak nola bizi ditugun, nola landu dauzkagun tresna finantzarioak, eta gure antolakuntza”.
Sotilek esan du ponentzia horiek ezohiko kongresu baten ere landuko dituztela eta hori datorren urte erdialdean izango dela, Korporazioaren prozesuak “nahiko luzeak” izaten direlako, eta “ohitura” delako ponentziak kooperatibetara eramatea “haien ekarpenak jasotzeko ponentzietan, berriz eztabaidatzeko, eta, azkenik, kongresura eramateko”.
Urteko balorazioa egiterakoan, esan du sektore industriala dela Mondragonen “arima” eta horrek izan duen hazkundea “egokia” izan dela: “Hor, aurten, 1.300 lanpostu berri sortu ditugu. Horietatik erdiak Euskadin eta inguruan sortu dira, eta gainerakoak, Txekiar Errepublikan eta atzerriko beste herrialde batzuetan. Orokorrean, negozio industrial gehienek aurrera egin dute”.
"Pixka bat gaizki dauden kooperatibei laguntzeko lan berezia"
Horrez aparte, esan du “pixka bat gaizki” dabiltzan kooperatibei laguntzeko “oso lan berezia” egiten dabilela Mondragon Taldea, izan ere, elkartasuna da Korporazioaren “nortasun zeinuetako bat eta oinarrizko kontzeptuetako bat”.
Argitu duenez, kooperatibak “ez daude arriskuan”, baina, Korporazio gisa, “arazo handienak dituztenei lagundu beharra” du Mondragonek. “Beti txikienek dituzte arazo gehien, baliabide finantzario gutxien dituztelako edo ez delako erraza zuzendari onak edukitzea”, gaineratu du.
Fagor Etxetresnen porrotaz ere hitz egin du. Ia 1.900 bazkide lan gabe geratu zirela bi urte pasa direla gogoratu du eta honako hau esan du: “Enplegu sorrerari eta beste bide batzuei esker, erantzun bat emateko aukera izan dugu”. Hori izan da Mondragonen “lehentasunetako bat”, bere hitzetan: “Kooperatiba guztien mobilizazio handia egin genuen, denen elkartasuna eskatuz, eta erantzuna oso ona izan da”.
Eroskiren oneratzearengatik, pozik
Eroskiren gainean ere hitz egin du, eta esan du bere egoerari buelta eman diola “dudarik gabe” eta hori “oso mugarri garrantzitsua” izan dela Eroskirendako. Horri esker, “inbertsio berriak hasi ditu, bere dendak berriztuz, eta horri esker salmentak ere hobetu ditu”. Aurten, emaitzak “hobeak” izango direla eta datorren urtean “argi eta garbi” oraindik hobera egingo dutela ziur dagoela esan du Javier Sotilek.