Kultura desberdinetako jendea mahaiaren bueltan bilduko du 'Bizilagunak' ekimenak domekan

Maite Txintxurreta 2015ko aza. 20a, 17:45

SOS Arrazakeriak bultzatutako Bizilagunak programaren laugarren edizioa egingo dute azaroaren 22an, domeka. Egun horretan, bertako familiek eta jatorria atzerrian dutenak mahaiaren bueltan elkartuko dira bazkalorduan. Familia bietako baten etxean egingo dute otordua, gertutasun handiagoa lortzeko asmotan. Ezaugarri soziokultural desberdina duten pertsonen arteko hartu-emana bultzatzea eta estereotipoak eta uste faltsuak apurtzea du helburu ekimenak.

Aurten, “Euskal Herria helmuga baino, harrera lurraldea dela” aldarrikatuko dute Bizilagunek. Debagoienean bost herritan egin dute bat ekimenarekin: Arrasaten, Bergaran, Antzuolan, Aretxabaletan eta Oñatin, hain zuzen. Guztira zazpi bazkari egingo dira, horietako gehienak herritarren etxeetan, Aretxabaletako kasuan izan ezik. Han, berrogeita hamar herritarrek, bertakoek zein kanpotarrek, Murualde elkartean egingo dute bazkaria. Hala, Debagoienean 80 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte Bizilagunak egitasmoan.
 
Bizilagunez gain, dinamizatzaileak ere izango dira hainbat etxetan. Horiek, antolaketa lanetan aritzeaz gain, familiak aurkezteaz arduratuko dira, eta, beharrik balego, bazkarian zehar giroa gozatzen lagunduko dute.

"Estereotipoak apurtzeko"

Iñigo Apraiz arrasatearra eta bere familiak bigarren urtez hartuko dute parte Bizilagunak ekimenean. Emaztearekin eta alaba txikiarekin bizi da Apraiz, eta iaz bi lagun pakistandar izan ziren haren etxean bazkaltzen, baita dinamizatzaile bat ere. Esperietzia ondo joan zela dio arrasatearrak: "bakoitzaren ohiturez, sinesmenez, bizitzeko eretaz berba egin genuen. Ikasi egiten da, eta ikusten duzu ze gauza ditugun komunean". Anekdotaren bat edo beste ere izan zuten bazkarian zehar; izan ere, Apraizen emaztea kolonbiarra da, eta herrialde horretako tipikoa den plater bat prestatu zuten, babarrunak arrozarekin, hain zuzen. Urdaia zeraman, eta gonbidatuak musulmanak zirenez, "ez zuten asko jan". Hala ere, gainontzean guztia ondo joan zela dio.

Apraizek dio esperientzia baliagarria dela "estereotipoak apurtzeko". Esaterako, haien etxean izan ziren bi lagunak musulmanak baziren ere, ez zuten gizartean musulmanei buruz daukagun estereotipoa betetzen, arrasatearrak dioenez: "oso irudi koadrikulatua daukagu. Eurak, adibidez, ez ziren oso erlijiosoak, eta herrialde desberdinetan izan direnez, mundua daukate". Azaldu du bere gonbidatuek euskara ikasteko gogoa ere erakutsi zutela.

"Ez gaude bakarrik munduan, eta elkarrekin harremana izateak normalizatzen laguntzen du". Jatorri eta kultura desberdinetako jendearekin erlazionatzeari esker "zabalagoa izaten" ikasi duela dio Iñigo Apraizek, eta seme-alabentzat ere horixe nahi du: "gure alaba Arianne eta datorren Hodei horrelako egoeretara ohitzea nahi dugu, jende ezberdina ezagutu eta errespetazera, epaitu aurretik, ezagutzera". Gaineratu du bere familiaren kasuan arlo horrek garrantzia berezia duela, kide bat atzerritara baita.

Arrasatearrak jendea animatu nahi izan du Bizilagunak bezalako ekintzetan parte hartzera: "agian ez da erraza erabakitzea ezezagunak etxera ekartzea, baina aukera hori eman behar da. Gu beste nonbaiten biziko bagina ere, hala gustatuko litzaiguke.eta". Aurten Iñigo Apraiz eta bere familiak Nepaldar familia bat hartuko dute etxean, eta azaldu duenez, bazkaria erdi bana prestatzea pentsatu dute, guztiek gauza berriak probatzeko aukera izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak