Olano eta Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean izan dira gaur proiektuaren berri ematen.
Programa honek, berriki aurkeztutako Kudeaketa Plan Estrategikoa eta 2016ko aurrekontuekin batera, Foru Aldundiaren gobernu jarduna gidatuko du hurrengo urtean.
Markel Olanok gogoratu duenez, “Gipuzkoak hiru urte daramatza ekonomia suspertzeko planik gabe”, baina zuzentzen duen gobernuak “lehentasun berriak” sartu dituela nabarmendu du, plan honetan jasoak. Beraz, “Gipuzkoak ekonomia suspertzeko planak izango ditu 2016, 2017, 2018 eta 2019an”.
Proiektuaren oinarria bi zutabek sostengatuko dute: fiskalitatea eta ekonomia sustapeneko gobernantza berria. Lehena, ekonomia sustapenaren alde egiteko erreminta gisa; bigarrena, ekarpenetara irekita dagoen planaren kontrastean lurraldeko eragileak partaide egiteko. Gobernantza berri honek planaren garapenaren jarraipena egiteko departamentuko arteko batzordea sortzea, enpresa kulturaren inguruan sentsibilizatzeko programa, gizarteratze eta kontraste prozesua eta Etorkizuna eraikiz programa abian jartzea aurreikusten ditu. Azken honen helburua Gipuzkoak aurrera begira dituen desafio eta erronkak identifikatu da lurraldearen etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatzea da.
Lau lan eremu nagusi
Diputatu nagusiak azaldu duenez, programak lau lan eremu nagusi zehazten ditu: industria alorreko enpresei laguntza, lehen sektoreko enpresei laguntza, turismo eta kultur arloko enpresei laguntza eta gizarte politikako enpresei laguntza. Guztira, 17 lan lerro.
Industria arloan, foru erakundeak enpresen espezializazio adimentsuaren alde egingo du apustu, “Eusko Jaurlaritzaren ikuspegiarekin uztartuz”.
Lehen sektoreari dagokionez, ustiapenen modernizazio eta profesionalizazioa, alde batetik, eta landa lurraren sustapena, bestetik, izango dira lan ildo nagusiak.
Turismo eta kulturaren alorrean, Gipuzkoa marka garatu eta indartzea izango da lehentasuna.
Eta azkenik, Foru Aldundiak hirugarren sektoreko enpresekin elkarlan harremana estutzea aurreikusten du lurraldeko gizarte politikei beste ikuspegi bat emateko, “apustu programatikoa” Olanoren hitzetan.