10 langile edo gehiagoko enpresak zenbatu dira estatistika hori egiteko.
Salerosketak elektronikoki egiten dituzten enpresen kopurua gero eta handiagoa da. Euskadiko batez besteari dagokionez, 2014koa baino 1,03 handiagoa da, eta 2010ekoa baino 5,07 handiagoa. Beste muturrean dagoen eskualdea Enkarterriak da. Hango enpresen %5ek egiten dituzte salerosketak elektronikoki.
Webgunea duten enpresa gehien ere Debagoienak dauka: %88,7. Eta webgunea dutenen artean, euskaraz dutenen portzentaje handiena ere Debagoienari dagokio: %74,3. Kasu horretan, gainera, alde handiarekin hurrengoarekiko (Goierri, %67,3). Gainerako eskualdeen portzentajeak apalagoak dira. Hala, EAEko batez bestekoa %48,6 da; Gipuzkoan, %61,5; Bizkaian, %42,6, eta Araban, %39,6. Baina zenbait eskualdetan, portzentajea handiagoa da: hala, Markina-Ondarroan (%65,7), Gernika-Bermeon (%63,8) eta, Araban, Mendialdeetan (%52,8).
Konexioa dute ia enpresa guztiek
Internet konexioa dute ia enpresa guztiek; datu horren bueltan, alde txikia dago eskualde batzuen eta beste batzuen artean. Hala, portzentaje txikiena Urola-Kostaldeari dagokio: %94,4. Debagoienean, enpresen %97,3k dute konexioa.
Internet duten establezimenduen artean, administrazioarekin izapideak elektronikoki egiten dutenen portzentajea %93,4 da Debagoienean. Maila handiena Arratia Nerbioi eskualdeak du: %99,1. Euskadiko batez bestekoa %92,1 da, 2014an baino puntu bat gehiago.
10 langile edo gehiagoko euskal enpresen %81,7k kode irekiko programak erabiltzen dituzte. Debagoiena ere puntan dago atal honetan: %92 da bere portzentajea. Araban, Gorbeia inguruak (%92) eta Bizkaian, Gernika-Bermeo (%87,2) dira azpimarragarrienak lurraldeka.