EGES (Euskal Gizarte Ekonomia Sarea) martxoan jaio zen, Gizarte Ekonomiaren balioak eta jardunbideak sustatu eta, horrela, enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa bultzatuko zuen lankidetza-gune berri bat sortzeko helburuarekin. Sare horretan, iaz, 69.280 langile zeuden. Enpresako langileez gain, 1.000.000 pertsona baino gehiago langile ez diren bazkideak dira, hala nola, besteak beste, boluntarioak, laguntzaileak, nekazari-bazkideak, ikastetxeetako gurasoak edo kontsumoko bazkideak.
Azken bosturtekoan, %17ko hazkundea
Euskadiko Gizarte Ekonomiako bost erakunde esanguratsu daude EGESen barruan: ASLE, Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea; EHLABE, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea; GIZATEA, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea; KONFEKOOP, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa; eta REAS Euskadi, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea.
Datu horiek emateaz gain, EGESeko ordezkariek esan dute gizarte-ekonomiak autonomia erkidegoko ekonomia orokorrak baino erantzun hobea eman diola krisiari, enpleguaren galera apalagoa izan duelako eta azken ekitaldian “berreskurapen-zantzu argiak” erakutsi dituelako.
Guztira 3.354 enpresak osatzen dute Euskadin Gizarte Ekonomia, lurraldean dauden erakunde guztien %2tik gora. Datu hori aintzat hartuta, EGESen txostenen arabera, krisiaren testuinguruan, Gizarte Ekonomiak ekonomia orokorrak baino hobeto eutsi dio bere erakunde kopuruari, eta azken bosturtekoan %17 egin du gora.