Biztanleen %21,9k dute 65 urte edo gehiago, Euskadiko batez bestekoa baino zertxobait gorago

Leire Kortabarria 2015ko aza. 15a, 08:00

Aurreko bi urteetan ez bezala, Euskadiko populazioa handitu egin da aurten; hain zuzen, iaz baino 333 biztanle gehiago ditu erkidegoak, denetara 2.173.210. Hala ere, 2012an baino 8.380 gutxiago da, orduan izan baitzen maximo historikoa. Populazioaren zahartze aldetik, EAEko biztanleen %21,1ek dute 65 urte edo gehiago; Debagoienean, proportzio hori zertxobait altuagoa da: %21,9. Eustatek emandako datuak dira.

Bizkaian bakarrik murriztu da biztanleria 2015ean (-2.772), aurreko bi urteetan (-9.920) bezala Gipuzkoak 4.397 biztanle irabazi ditu 2012tik hona; azken urtean, 1.360. Arabak 1.745 biztanle gehiago ditu.

Hiriburuen artean, bakarrik Gasteizko populazioa hazi da (+1.837). Donostiak 106 biztanle galdu ditu, eta Bilbok, 1.209. Bai Donostian bai Bilbon, 2009. urtea izan zen sabai historikoa. Gasteizen galera bakarrak 2013an eta 2014an izan dira, eta aurtengoa da maximo historikoa.

Bilbo Handiko udalerri batzuek galdu dituzte biztanle gehien: Getxo, Santurtzi, Basauri, Portugalete eta Sestao. 2012tik hona, 5.359 biztanle galdu dituzte herri horiek.

EAEko zahartze maila, Espainiakoa baino handiagoa

Adinaren gaineko datuak ere eman ditu Eustatek. EAEko populazioa Espainiako batez bestekoa baino zaharragoa da. Izan ere, EAEn, 65 urte edo gehiagokoak populazioaren %21,1 dira; Espainian, %18,4. Espainiako erkidego zahartuenak Gaztela eta Leon, Asturias eta Galizia dira, non 65 urtetik gorakoak populazioaren %24 diren. Europa osoa kontuan hartuta, bakarrik Italia dago EAEko proportzioaren gainetik. Orain 10 urte, 0,3 puntu txikiagoa zen proportzioa.

Debagoienak Euskadiren batez bestekoa zertxobait gainditzen du: Debagoienaren populazioaren %21,9k daukate 65 urte edo gehiago; %59,5ek, 20 eta 64 urte artean; eta %18,5ek, 19 urte edo gutxiago. Hala, 2015eko Biztanleen Udal Estatistikaren datuen arabera, Debagoieneko 62.765 biztanleetatik 37.363k 20 eta 64 urte artean dituzte; 13.753k, 65 urte edo gehiago; eta 11.649k, 19 urte edo gutxiago.

Euskadi osoan, 92 udalerri daude %21,1eko proportzio horren gainetik, eta 159, berdin edo azpitik. Lehenengoen artean daude Bilbo, Donostia eta Barakaldo, EAEko biztanleen %29 inguru.

Eskualdeen artean, 65 urte edo gehiagoko biztanle gehien dituztenak dira Arabako Mendialdea (%27,4) eta Markina-Ondarroa (%22,6). Gutxien dituena Plentzia-Mungia da (%15,7).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak