Era berean, Aldundiak laneko tailerra egingo du abenduaren 16an, foru erakundeko eta Gipuzkoako udaletako teknikarien parte-hartzearekin, herriz herriko errealitate zehatza ezagutu, etxegabetzeen arazoari aurre egiteko martxan jartzen ari diren ekimenak partekatu, eta Aldundiak martxan jarritako aholkularitza zerbitzua kudeatu eta sendotzeko –lehen mailako arretarako gizarte zerbitzuen bitartez bideratzen dira eskaerak-.
Maribel Vaquero buru duen Elkarbizitza eta Giza Eskubideetako zuzendaritzak koordinatuko du tailerra. Lehen pausoa izango da, erakunde arteko sarea mamitzeko. Horrela, kaltetutako herritarrei ematen zaien arreta hobetu nahi da, ez bakarrik arlo juridikoan.
Diru-sarrera muga egongo da
Yolanda de Pablo abokatua izango da aholkularitza juridikoa eskainiko duena. Zerbitzu kontratu administratiboa sinatu da harekin, urtebeteko iraupenarekin, eta 30.250 euroko kopuruarekin. Orain arte, bost pertsonen kasuak eraman dira.
Zerbitzua doanekoa da, eta baliabide gutxien duten eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonei doa zuzenduta. Hala, onuradunek ezingo dute diru-sarrera, aurrezko edo ondare muga jakin bat gainditu. Kasua prozesal aurreko fasean badago, bere asistentzia juridikoa ordaintzeko baliabiderik ez duten pertsonak izango dira onuradunak. Prozesal fasean badago, berriz, doako justizia zerbitzuaren estalduratik kanpo geratu, eta aurreikusitako baldintza ekonomikoak gainditzen ez dituztenak izango dira arretako hartzaileak.
Halaber, fede oneko zorduna den eta bere zorra ezin ordaindu izan duen hirugarren pertsona bati mailegua abalatu diotenek ere jo ahal izango dute zerbitzura, baldin eta finantza entitateak egindako erreklamazioaren ondorioz etxebizitza hori galtzeko arriskuan badaude.
Legezko aholkularitza izango duten akzio horien bitartez, ohiko etxebizitza gal ez dadin eta ondorioz giza bazterketarik gerta ez dadin lortzea da helburua. Hori ezinezkoa denean, etxebizitza galtzeko unea ahalik eta gehien atzeratzen, eta zor bizia iraunkor egitetik etor daitezkeen ondorio kaltegarriak ekiditen ahaleginduko dira.