Basque Culinary Centerreko zuzendariak, Joxe Mari Aizegak aurkeztu du gaur txostena, berau egin duen Ikertalde enpresako Ebaluazio eta Kontsultoretza zuzendari Iñigo Artetxerekin batera. Txostenaren helburua, hain zuzen, BCCk azken lau urteotan burutu duen jarduera zenbatestea izan da, batez ere azken ikasturtean.
Zentroak 2014-2015 ikasturtean garatutako jarduera soilik aintzat hartuta, 200 irakasle eta kanpoko laguntzaile baino gehiago, 2.000 ikasle baino gehiago, 7.000 parte-hartzaile ekitaldietan eta 8.000 bisitari inguru izan ditu BCCk. Bestalde, bai prestakuntzak eta bai gastronomia sustatzeko antolatutako ekitaldiek ere 150.000 egonaldi inguru sorrarazi dute.
Txostenaren arabera, BCCk 4,7 milioiko inpaktu zuzena, 5,5 milioi euroko zeharkako gastua eta 15,3 milioi euroko produkzioa eragin ditu 2014-2015 ikasturtean. Kopuru horien arabera, arduradunek esan dute BCCk 8,2 milioi euroko ekarpena egin diola BPGri eta 133 enplegu sorrarazi dituela urtebetean. Jarduera horrek guztiak –BCCk sorrarazitako gastua, produkzioa eta enplegua– 2,4 milioi euroko diru-sarrera publikoak eragin ditu zergei eta Gizarte Segurantzari dagozkienez, erakunde-maila guztietan.
Jasotako euro bakoitzeko, 1,5 itzuli
Urtebeteko datu horietan oinarrituta, eta jardueraren hazkundea eta bisita kopurua urtero handitu egin dela kontuan hartuta, Basque Culinary Centerrek lau urteotan izandako eragin sozioekonomikoaren estimazioa egin du txostenak. Honako datuak eman dituzte Aizegak eta Artetxek:
-Aipatutako guztiak eragindako jarduerak 45 milioi euroko produkzio-katea sortu du eta 24 milioi euroko BPG. Hau da, 390 enpleguren jarduera epealdi osoan.
-Estimatutako inpaktu zuzena, hau da, BCCk bere egituraren bidez tokiko ehunean sartutako gastua, 16,8 milioi eurokoa izan da.
-Zeharkako inpaktua, hau da, BCCko ikasleek, horien senide, lagun eta EAEtik kanpoko bisitariek, biltzarkideek eta era guztietako ekitaldietara datozenek eragindako gastua 13,2 milioi eurokoa izan da, batez ere hiriko enpresa-ehunean.
-Basque Culinary Centerren produkzio horri esker, Administrazioak 6,7 milioi euro bildu ditu laurtekoan, zerga-bide guztiak eta gizarte-segurantzakoak kontuan hartuta. Beraz, BCCk epealdi horretan 4,4 milioi euroko diru laguntzak jaso dituela kontuan hartuta, jasotako euro bakoitzeko 1,5 euro itzuli dizkio Administrazioari.
Gainera, txostenak agerian jartzen du eragin ekonomiko hori hazten ari dela.