Peña diputatuak, agerraldian, datorren urtean bertan abian jarriko dituen 3 lan ildo estrategikoak azaldu ditu: Gipuzkoako gizarte zerbitzuen antolaketa, kobertura eta kalitatea hobetzea; egungo eta etorkizuneko eskariari erantzungo dion zerbitzu eskaintza egitea; eta beste erakundeekin batera, elkarlanean, gizarte zerbitzuen legearen garapena bultzatzea.
4 euro bakoitzetik 3 transferentzia eta ohiko diru laguntzetara bideratuta daudela argitu du diputatuak.
Adinekoen arretarako bideratzen da diru gehien, departamentuko aurrekontu osoaren %37, 128 milioi euro zehazki; 78 milioi euro bideratu dira, azaldu du Peñak, prestazio edo laguntza ekonomikoetara, 42 milioi euro adingabeen babeserako, 39 milioi euro desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko, beste 25 milioi euro gizarteratze eta indarkeria matxistako biktima diren emakumeen arretarako eta azkenik, 21 milioi euro foru organismoen kudeaketarako, Kabia eta Uliazpi.
140 plaza sortuko dira
Datorren urteko aurrekontuak txertatuta dakartzan berrikuntza nagusiak ere azaldu ditu Maite Peñak: “Gizarte zerbitzuen mapa garatuko” dela bermatu du diputatuak, eta hori ahalbidetzeko erresidentzietan, eguneko zentroetan eta etxebizitzatan 140 plaza berri sortuko dituela aurreratu du. Etxeko arreta sustatzeko zerbitzu eta laguntzak ere indartuko dituela azaldu du, arreta goiztiarrera bideratutako proiektuetan sakonduko dela eta gizarte gaien inguruan asoziazionismoa bultzatuko duela, diru-laguntza gehiago eskainita.
Babesik gabe dauden adingabeentzat, “beti familia harrera lehenetsiko dela” argitu du Maite Peñak eta Kabiari dagokionean” estrategia, egitura eta kudeaketa sistema definitzeko garaia da”, azpimarratu du.