Oroimenaren Eguneko elkarretaratzeak egingo dituzte Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan

Jon Berezibar 2015ko aza. 10a, 09:54

Debagoieneko hiru herriotan izango du oihartzun instituzionala aurten biktimak gogoratzeko egunak. Bergarako Udalak eta Aretxabaletako eta Arrasateko alkateek adierazpenak kaleratu dituzte, besteak beste, "biktimei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa" eskatzeko. Iluntzean izango dira agerraldiak: Aretxabaletan 18:00etan, Arrasaten 18:30ean eta Bergaran 19:00etan. 

Aretxabaletan, izango da lehen elkarretaratzean, 18:00etan, Iturrizar plazan. Herritarrak, erakundeak eta eragile sozialak bat egitera gonbidatu ditu Unai Elkoro alkateak. Adostasunik ahalik eta zabalena helburu, 2013an  Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu, PSE eta PP alderdien taldeek bakearen eta bizikidetzaren alde bozkatu zuen puntua hartzen du Aretxabaletako alkateak deialdirako oinarri bezala.

Iñigo Urkullu lehendakaria irail hasieran batzartu zen Euskadiko 128 udaletako alkateekin; Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Antzuolakoak barne. Orduan aurkeztu zen Jaurlaritzak prestatutako liburuxkak,  1960 eta 2010 bitartean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arrazoi politikoengatik hildakoak batzen dituena, bana biktimak dituen herriko,  eta han jasotzen da aipatutako Debagoieneko herrietako biktimen berri ere. 

Dokumentu horretan jasotzen da herriko biktimen zerrenda, Eusko Legebiltzarrean adostutako markoan, eta txostena bera jadanik uztailean jaso zuten alkateek. Hain zuzen, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak "garrantzi handiko" dokumentutzat jaso zuen txostena eta orduan jada adierazi zuen omenaldiak egitea bere agendan dagoela, "beti ere herriko errealitatea aintzat hartuta eta udalean ordezkatuta dauden alderdiekin adostasunera ailegatuta". Hala, gaur 18:30ean izango da Arrasateko elkarretaratzea, Herriko Plazan. Arrasateko EH Bilduk, bere aldetik, adierazi du ez dela bilkurara joango, "urteetako sufrimenduak amaiera behar duela" jabe izanda ere, udal gobernuak "berandu" eta "era inprobisatuan" jardun duelako, ezker abertzalearen esanetan. "Arrasateko biktimen erretratua osatzeke" dela dio EH Bilduk. Ausentzia horren aurrean, "aukera galdua" ikusten du Arrasateko alkateak, ohar bidez eginiko adierazpenean, herritarren aurrean Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartzeko aukera, hain zuzen; erabilera "partidistetatik" urrun.

Azkenik, Bergaran, 19:00etan da deialdia eta Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, atzoko plenoan aho batez onartua, herritar guztiei batzeko deia zabaltzeko. Testuan nabarmentzen da "giza-eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei" zor zaiela "egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea". Bergarako Udalak "giza-eskubideen kulturan eta elkarrenganako errespetuan eta onespenean oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa" hartzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak