Debagoieneko sahararrek 40 urteko okupazio egoerari amaiera emateko exijitu dute, Arrasaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko aza. 7a, 20:21
Saharar herriaren eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea, gaur, Arrasaten.

Adin ezberdinetako gizon-emakumeek Marokoren gizagabetasuna eta Espainiaren konplizitatea salatu dituzte.

Atzo bete ziren 40 urte Espainiak eta Marokok Mendebaldeko Sahara marokoarren esku uzteko akordioa sinatu zutela. "Saharar herriak 40 urteko sufrimendua darama bizkar gainean", adierazi dute gaur Arrasaten Debagoieneko sahararren kolektiboko kideek. Elkarretaratzea eta manifestazio egin dituzte saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. "Akordio hori berrikusteko exijitzen dugu", esan du Debagoieneko sahararren kolektiboaren presidente Saleh Salek-ek. "Saharar herriaren sufrimendua muturrera heldu da (...) 25 urte daramagu heltzen ez den erreferendum baten zain (...) Ez Nazio Batuen Erakundeak, ez Europar Batasunak, ez nazioarteko komunitateak ez dute ezer egiten okupazio egoera honen aurrean, eta gure pazientziak mugak ditu (...) Gauzak ez badira onean lortzen, txarrean lortu beharko dira (...) Sahara saharar herriarendako izango da", esan du.

Iritzi berekoa da Arrasateko manifestazioan izan den Walid Abdi Cheyaj gaztea. "Erbestean jaio den hirugarren belaunaldia gara. 40 urte joan dira, horietatik 16 gerran... Nazio Batuen Erakundea medio su etena ezarri zen, baina ez du eraginkortasunik izan, ez da aurrerapausorik eman. Eta nekatuta gaude bidegabeko egoera honekin. Munduak, gainera, ez ikusiarena egiten du".

Saharar kanpamenduetan berriki izandako uholdeekin ere kezkatuta daude Debagoieneko sahararrak. Abida Ali Mohamed Uali gazteak laguntza eskatu du. "Janaria, mantak, arropa, dirua... behar ditugu. Familia asko egoera oso larrian dago", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak