Gabonetara begira egiten duten elikagai bilketa handian, esnea, kakaoa, gailetak, babarrunak, lentejak, garbantzuak, kontserbak, arraina kontserban, Gabonetako jakiak eta umeentzako elikagaiak eramateko eskatuko dizkete aurten herritarrei. Eta elikagai horiek batzeko 72 saltokitan jarriko dituzte bilketa-puntuak,
Saltoki horien artean hamaika merkataritza-kate ere badira; batzuk aipatzearren: Eroski, Lidl, Dia… eta jakina, Debagoienean kate horien saltokietan ere batuko dituzte elikagaiak, Eroskin, batez ere, hura da-eta saltoki gehien dituena.
Txikiagoak ere bai
"Denda gehiago ere badaude parte hartzeko gertu, baina guk boluntario nahikorik ez dugu guztietan egoteko. Begiratu dugu joan zen urtean zer eta non batu zen, eta erreferentzia moduan hartu da 5.000 lagunetik gorako bizilagunak dituzten udalerrietan egongo garela. Hala ere, herri gehienetan badira beste denda txikiago batzuk, Eroskiren frankizia modura funtzionatzen dutenak, eta horietako askok, denda txiki modura, euren kabuz egingo dute bilketa", esplikatu du Jose Antonio Agirrebeñak, Bergarako Elikagai Bankuko arduradunak.
"Iaz batez beste izan ziren 31 bat denda, baina egon ziren beste 20-25 euren kontura egin zutenak", gehitu du.
Iaz 150 bat boluntario
Hala, Agirrebeñak adierazi du gertu daudela lanerako prest dauden boluntarioak hartzeko. "Ostiralean eta zapatuan, bi egunetan goizetik gauera egon behar da. Jende piloa behar da. Jendea badabil deika, baina komeni zaigu asko egotea". Norbaitek gura izanez gero, Bergarako Elikagaien Bankura dei dezake (943 76 21 90) 09:00etatik 13:00etara. Adibide bat jartzearren, iaz, Mutrikutik Gatzagaraino 150 bat boluntariok jardun zuen lanean –Gipuzkoan, 500 bat boluntariok–.