Gizarte Segurantzaren afiliazio kopurua berriz 900.000tik gora dago, 2012a ezkero lehenengo aldiz

Leire Kortabarria 2015ko aza. 3a, 14:58
Enplegu sailburu Angel Toña, azaroaren 3ko agerraldian.

EAEko enpresek iraileko joerari eutsi zioten eta 86.000 kontratazio egin zituzten. Hori gutxi balitz, 2012ko uztailaz geroztik, lehen aldiz, Gizarte Segurantzaren afiliazio kopurua berriro 900.000 gainetik dago EAEn. Horren berri eman du gaur Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak.

Urrian, 823 pertsonatan murriztu zen Lanbiden erregistratutako langabezia, eta %14,5ean kokatu da langabezia-tasa; hau da, aurreko hilean baino hamarren bat gutxiago. Gizarte Segurantzara afiliazioek berriz gainditu dute 900.000ko kopurua, 2012ko ekainetik lehen aldiz.

Gaur argitaratu den langabeziaren datuaren balorazioa egin du sailburuak. Hala, Euskadik berriz erregistratu ditu langabezia-tasa negatiboak, elkarren segidako 23. hilabetez. Hain zuzen, urrian 823 pertsonatan murriztu zen Lanbiden erregistratutako langabezia, eta %14,5ko tasa du orain EAEk, aurreko hilean baino 0,1 gutxiago. Estatu osoan, urrian langabeziak behera egin duen lurralde bakarra izan da, Valentziako Erkidegoarekin batera: %0,53 jaitsi da, hain zuzen.

Enplegu sailaren esanetan, datu hori bereziki garrantzitsua da; izan ere, normalean, gora egin ohi du urrian erregistratutako langabeziak, hala krisialdiko urteetan nola aurrekoetan. Hain zuzen, 2003tik hona, 2006ko urrian baino ez zen jaitsi erregistratutako langabezia, eta 182 langabetan murriztu zen.

Lan-merkatuaren bilakaera positiboak, logikoki, bere isla eduki du Gizarte Segurantzaren erregistroetan. Urrian, beste 9.097 pertsona gehitu ziren: hau da, aurreko hilean baino %1,02 gehiago. Hala, berriz ere gainditu dira 900.000 afiliazioak –900.622 afiliazio daude, zehazki–. 2012ko uztailetik, ez zen halakorik gertatzen.

Iragarpen txarrak ez dira bete

Irailean kontratazio-markak hautsi ondoren, urriko aurreikuspenek aldaketa iragartzen zuten. Baina joan den hilean, enpresek joerari eutsi eta 86.094 kontratazio egin zituzten: iazko hil berean baino %3,1 gehiago, eta irailean baino 0,4 gutxiago soilik. Urriko datuen ostean, urtean pilatutako kopurua 718.288 kontratazioraino igo da: %13,29 gehiago, 2014ko urriarekin konparatuta.

Urtarriletik 50.323 kontratu mugagabe sinatu dira, iaz baino %15,52 gehiago. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Ángel Toña, baikor azaldu da lan-merkatuaren gaur egungo martxari eta kontratazio mugagabearen hazkunde progresiboari dagokienez. Nolanahi ere, bost kontratutik bi oraindik lanaldi partzialekoak izatea deitoratu du.

Langabezia Gipuzkoan eta Bizkaian jaitsi da gehienbat; nagusiki, industria eta eraikuntzari esker. Araban, ordea, mahats-biltze sasoia amaitu denez, jardueraren beherakada nabaritu dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak