Debagoiendarrak ere hartuko dute parte Ahotsenea espazioan. Esate baterako, lehen egunean, abenduaren 4an, Eneko Barberenak "Periko Solabarria gazteekin hizketan" liburuari buruzko hitzaldia eskainiko du. Igandean, berriz, abenduak 6, Andoni Urzelai idazle aretxabaletarra izango da Karanbola toxikoak izeneko bere azken liburua aurkezten. Egun berean, Gerardo Markuleta oñatiarra "Denbora bere lekura" lanari buruz mintzatuko da.
Musika kontzertuei dagokionean, Durangon izango dira, alde batetik, Arkada Social arrasatearrak; zapatu arratsaldean igoko dira Ahotseneako taula gainera. Bestalde, Klak!son antzuolarrak ere joko dute Durangon, domekan, hain zuzen. Denboraleak diskoa aurkeztuko dute bertan.
Kabi@ gunea
Durangoko Azokako Kabi@ gunea, berriz, teknologia berriei eskainitako espazioa da. Azokako beste guneetarako proposamenak egiteko epea urriaren 16an itxi bazen ere, azken gune honi dagokienak urriaren 31ra arte jasoko dituzte,bihar arte, alegia.
Interesa duten sortzaileak gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz jar daitezke kontaktuak Durangoko Azokako arduradunekin. Nahiago izanez gero, www.durangokoazoka.eus webgunean eskuragarri dagoen galdetegia beteta ere helarazi daitezke proposamenak.
Boluntariotza
Aurten, lehen aldiz, boluntario moduan lan egiteko aukera eskainiko diote Azokatik hala nahi duen edonori. Hainbat zereginetan aritzeko aukera izango da: lan administratiboa, teknikoa, komunikazio-arlokoa... Azoka egunetan txanda bakoitza hiruzpalau ordutakoa izango da.
Bihar, urriak 31, izango da zeregin horietan aritzeko izena emateko azken eguna. www.durangokoazoka.eus webgunearen bitartez egin beharko da, bertan ageri den galdetegia betez. Baldintza bakarra adinez nagusia izatea eta euskaraz komunikatzeko gai izatea da. Eroskirekin lankidetzan jarri du programa berri hori abian Durangoko Azokak.