Aurrekontuen zatirik handiena, ia %47, politika sozialetara bideratuko da, hirugarren adinekoen arretara, batez ere. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak aurrekontuaren %10 hartuko du ia. Kopuru orokor horiek "ondo islatzen dituzte Kudeaketa Planean jasotako lehentasunak", foru bozeramaleak azaldutakoaren arabera: “Hau da, jarduera ekonomikoa bultzatzea, giza babeserako sistemari eutsi eta indartzea, eta Lurraldeko proiektu estrategikoak martxan jartzea”.
Gizarte Politika sailak, 8,6 milioiko defizita
Lasak adierazi duenez, aurreko foru gobernuaren kudeaketak “nabarmen” baldintzatu ditu lanak, txarrerako. “2015 aztertzen badugu, 13.985.391 euroko zulo ekonomikoari egin beharko diogu aurre. 2016ko aurrekontuetan sartu beharko dugu gastu hori. Kopuru horretatik, 8.621.056 euro Politika Sozialetako departamentutik datoz, eta gainerakoa, 5.364.335 euro, Lurraldebusen egindako kudeaketaren ondorio da”, zehaztu du.
Politika Sozialetako departamentuan sortutako defizita 8,6 milioi euroan zenbatu du. Horiek ere, aurreko gobernuaren "kudeaketa txarrarekin edo prebisio faltarekin lotu beharrekoak”. “Erabakiak hartu eta gastuak, hitzarmenak eta programak konprometitu dira aurrekontuetan diru-atalik txertatu gabe, Batzar Nagusietan informatu gabe, eta azken orduan pozoitutako herentzia utziaz, jakinda gainera aukera bazegoela gobernu aldaketa egoteko. Erabakiak ez zituzten politikoki adostu, eta bideragarritasunaz ere ez ziren kezkatu. Beraz, benetan larria da”, ondorioztatu du.
Kudeaketa politikoaren ikuspegitik, Lasak “arduragabetzat” eta “zintzotasunik gabekotzat” jo du lan egiteko modu hori. “Ezin da sekulako promesak egiten aritu, esan gabe nola ordainduko diren aldaketa eta neurri berriak, nondik aterako den dirua, eta, batez ere, nondik kenduko den. Premia askori eman behar die erantzuna Aldundiak, eta denonak diren baliabideak modu zorrotz eta eraginkorrean kudeatu beharrean, demagogiaz eta elektoralismoaz jokatu dute, promesak eginaz nola beteko dituzten argitu gabe”.
Edozein modutan, baikor agertu da. “Uste dugu politika eredu hori iraganeko kontua dela, edo izan beharko lukeela. Hala aldarrikatu dute gipuzkoarrek hauteskundeetan. Guretzat, zer egingo dugun bezain garrantzitsua da nola egingo dugun. Aurreko agintarien jokabideak zenbakiak lotzeko ahalegin handia egitera behartuko gaitu, eta uste genuen gipuzkoarrek eskubidea zutela guzti hori jakiteko. Baina konprometitutako gastu guztiei aurre egingo diegu. Gipuzkoaren garapen sozial eta ekonomikoan eragiteko aurrekonturik onenak osatzea lortu dugu”, nabarmendu du.
EH Bildu: "Onartezina da"
EH Bilduren ustez, "onartezina" da EAJ-PSEk aurreko Gipuzkoako Gobernuari leporatzea 14 milioi euroko defizita dagoela, kontutan izanda "beraiek blokeatu zutela" 2015eko aurrekontuen onarpena, iazkoak luzatuz. Gainera, Xabier Olano bozeramalearen hitzetan, "gezurra da “zuloa” dagoela, sarrera nahikoa baitago hori eta gehiago ordaintzeko". Horregatik, Gobernuari exijitu dio behar den kreditu doikuntza egitea Foru Arau baten bidez, ala Kontseiluaren erabakiaren bidez, aurreikusita zegoen bezala eta aurreko Gobernuak apirilean egin zuen bezala. Koalizioak gogora ekarri duenez, "2011an Markel Olanok 66 milioi euroko desfasea laga zuen herentzia giza". Beraz, eskatu dio ez dezala "aitzakiak" bilatu "bere inkapazitatea justifikatzeko".
EH Bilduko bozeramaleak, gainera, argitu du Gizarte Politikako prestazio ekonomikoetako aurrekontu-sailak zabalgarriak direla beti, laguntzak eskubide subjektiboa direlako. Beraz, Aldundiak, legez, kreditua gehitzen du urtero eskaerei erantzuteko.