EAErako 10.933 milioiko aurrekontua proposatzen da, %2,8ko hazkundea

Leire Kortabarria 2015ko urr. 27a, 16:59
EAEko 2016rako aurrekontu proposamena.

Gobernu Kontseiluak onartu egin du EAEko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua. Hilaren 30ean, egubakoitza, erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean. 10.933 milioi euroko aurrekontua da, aurtengoa baino %2,8 handiagoa. Proposamena onartzeko, PSEren botoak beharko ditu EAJk, eta dagoeneko negoziatzen dabiltzala esan du Urkullu lehendakariak.

Sail guztiek dituzte hornidura handiagoak 2015. urtearekiko; bereziki, Osasunak, batetik, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politikak eta Kulturak, bestetik. Foru Aldundiek Euskadiko Aurrekontuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenek hazkundea izango dute: 2015eko 8.738 milioi euroko zenbatekotik, 2016ko ekitaldiko ia 9.103 milioi eurora. Zenbateko hori aurrekontu arloko diru-sarrera guztien %83,3 da -portzentaje hori %97ra handituko litzateke, euskal "Y"-aren kudeaketaren ardura eta zorpetzea albo batera utziz gero-.

Hala ere, Euskadik datorren urtean bete behar duen defizit-helburua (BPGren %0,3) oraingo ekitaldikoa baino txikiagoa da (%0,7). Ondorioz, zorpetze garbirako gaitasuna ere txikiagoa izango da; hain zuzen ere, 2015ean baino 242 milioi euro gutxiago, aurtengo 580 milioi euroetatik 2016ko 338 milioietara igaroz.

Zorra amortizatzeko 2016ko ekitaldirako aurreikusitako egutegiaren ondorioz, adierazitako gastu-kapitulua 892 milioi eurokoa izango da.

Udal erakundeek eman beharreko zerbitzuetarako, 10 milioi

Osasun Sailak 3.422 milioi euroko aurrekontu proposamena du. Hornidura, batez ere, Osasun Sailak Osakidetzarekin duen kontratu-programaren aurrekonturako izango da. Kontratu-programa hori 26 milioi haziko da, eta guztira, 2.541 milioi ipiniko dira horretarako, Osasun Sailaren aurrekontuaren %74.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokionez, 43 milioi gehiago aurreikusten dira horretarako, euskal hezkuntza sistema babesteko eta hornitzeko, bere maila guztietan.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak berrikuntza bat du: 7 milioi euroko ekarpena, udal erakundeek eskaini beharreko zerbitzu berriak finantzatzeko. Prestazioen eta gizarte zerbitzuen zorroaren dekretua finantzatzeko, 10 milioiko fondoa aurreikusten da. Fondo hori sortzea onartu zuen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak orain gutxi izandako batzarrean.
Errefuxiatuei arreta emateko beste 4 milioi ere aurreikusten dira.

Gobernuak gastu-bolumen handia ere esleitu du euskal ekonomiarako. Hala, 13,7 milioi euroko osagarria gehitu da, ikerketara, teknologiara eta berrikuntzara bideratutako hornidurak handitzeko. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila ere handitzen da: 5,5 milioitan, hain zuzen ere.

Langile-gastuen kapituluak administrazioko langileen ordainsariaren %1eko hazkundea aurreikusten du, baita gizarte segurantzaren kotizaziorako oinarrien hazkundea ere.

Transferentzietan eta diru-laguntzetan 3.267 milioi euroko aurrekontua zehaztu da, eta antzeko kopurua (3.285 milioi euro) Funtzionamendu-gastuetarako.

Esandako hiru gastu-kapituluetan sartzen da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren finantzazioa, euskal hezkuntza sistemaren finantzazioa eta beste batzuk; hala ere, esandako biak dira gastu kopuru handienak dituzten ekintzetako bi.
Finantza-gastuek 5 milioiko murrizketa dute aurtengoarekin alderatuta.

"Sendotze bidean"

Aurrekontuen testuingurua ere egin du Eusko Jaurlaritzak. Bere esanetan, 2016ko aurrekontuak "sendotze-bidearen testuinguru ekonomikoan" sartzen dira. Gogorarazten du euskal ekonomiak urte arteko %2,7ko hazkundea izan zuela 2015eko bigarren hiruhilekoan. Ondorioz, Ogasun eta Finantza Sailak handitu egin ditu hazkunde aurreikuspenak: %2,5etik %2,7ra. Lan merkatua ere haztea aurreikusten da: aurten, %1,8, eta 2016an, %1,7.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak