Astelehenean egindako prentsaurrekoan azaldu zuten Gipuzkoako 1.500 familiaren datuak erabili dituztela eta horrekin ikerketa egin dutela. 2014ko udazkenean egin zen inkesta. Maite Peñak esan duenez, azken bi urteetan egoerak, orokorrean, onera egin du: "2012an, inkesta lehen aldiz egin zenean baino hobeto gaude, jende gehiago atera da pobreziatik pobrezian sartu dena baino". Hala ere, gaineratu duenez, "larrien daudenen egoerak okerrera egin du; pobrezia pobretu egin da".
Carlos Alfonsok argitu du pobrezia eta bazterkeria ez doazela, beti, derrigor, eskutik. Alfonsok adibidea jarri du, gerta litekeela pobrezian egon eta bazterkeriarik ez izatea edo alderantziz, badaudela pobrezian ez egonagatik baztertuta dauden pertsonak. Carlos Alfonsok Gipuzkoan bazterkeria larrian daudenen datua eman du: populazioaren %5 bazterkeria egoera larrian daude, eta %8, bazterkeria moderatuan. Eta beste datu deigarri bat ere eman du bere agerraldian: “Gipuzkoan, populazioaren %20 aberatsenek %20 pobreenek baino lau aldiz diru sarrera gehiago dituzte”.
Agerraldia amaitzeko, inguruko herrialdeekiko konparaketa egin du eta Gipuzkoa toki onean utzi du Alfonsok; “bazterkerian, Europako herrialdeen bataz bestekoan gaude, hainbat herrialde zehatz, tartean Espainian, baino hobe”.
Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza, "desagertzeko arriskuan"
EH Bilduk prentsa oharra kaleratu du Foru Aldundiari erantzunez. EH Bilduren ustez, "oso kezkagarria da Gipuzkoako Foru Gobernuak pobreziaren aurkako politikekin duen konpromiso eza". Bereziki, Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DSBL-AGI) desagertzeko arriskuan dagoela salatu du koalizioak, eta sostengu hau desagertuz gero, pobrezian dauden 1.500 familia babesgabean geratuko direla Gipuzkoan.
Horregatik, EAJ-PSEri eskatu die pobrezia Gipuzkoatik desagerrarazteko "benetako apustua" egitea, murrizketa sozialak baztertzea, eta lehenbailehen aurkeztu dezala Pobreziari aurre egiteko Plan Berezi bat urgentziazko neurriekin, bereziki haur, emakume eta etorkinei begira.