Helburua da euskararen presentzia areagotzea lan arloan. Programak 904.293 euroko aurrekontua izango du eta bi urteko iraupena. 2017ko abenduan euskararen erabilera enpresa horietan %20 haztea da asmoa.
Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta Euslan programan arituko diren zenbait enpresatako ordezkariek, horien artean Elayko Anaje Narbaizak eta Kristina Elkorok, aurkeztu zuten atzo Donostian programa pilotua.
Guztira 12 enpresa arituko dira. Honako hauek: Alejandro Altuna, Batz, Cikautxo, Copreci, Danobat, Eika, Elay, Goizper, Maier, Grupo Erreka, Orkli eta Ulma Eraikuntzak.
Hamabi horietatik bost Debagoienekoak dira eta bederatzi Mondragon Taldekoekoak.
Baztarrikak adierazi du Eusko Jaurlaritzak lan "iraunkorra" egin duela azken 25 urte hauetan guztietan euskara lan mundura gerturatzeko, "ez da ahalegin makala izan eta askok gure lanaren fruituak jaso dituzte", gaineratu du.
Jarduera berritzailea
Euslan jarduera berritzailea dela adierazi du Baztarrikak, "bai edukietan zein lan egiteko eta harremanak ezartzeko ereduan" eta azpimarratu du "ezinbestekoa dela berrikuntza" euskara enpresa orora iristea nahi bada. Sailburuordeak esan du azken 35 urteetan euskararen presentzia asko hasi dela enpresa arloan, baina hezkuntza eta enpresa arloaren artean zubiak eraikitzen jarraitu beharra dagoela esan du.
Programaren ezaugarriak
Euslan programa indarrean izango da 2017 urtera arte. Eusko Jaurlaritzak 904.293 euroko diru-laguntza bideratuko du eta bi urteko epean 5.000 langile baino gehiagok parte hartzea espero da.
Enpresa horien helburua izango da "euskararen erabilera %90era iristea lan harremanetan, bai idatziz zein ahozko komunikazioan, edo gutxienez euskararen erabilerak %20ko hazkundea izatea programan parte hartuko duten enpresetan 2017 urterako". Une honetan, erabilera maila baxuena %64an dago.
Konpromisoaren ebaluazioa Bikain ziurtagiriaren bitartez egingo du Jaurlaritzak, eta egitarauan parte hartuko duten 12 enpresek erakutsi dute erabileraren inguruan baldintza zorrotzak betetzen dituztela.
Antzuolako Elay, erreferente
Horrela, Elay enpresa izango da gainerakoen erreferentzia, batez ere euskara programetan esperientzia handia duelako, eta Elayk koordinatuko eta dinamizatuko du programa.
Elayk hiru alditan lortu du urrezko Bikain ziurtagiria eta Bai Euskarari ziurtagiria ere badu. Bi ziurtagiriek bermatzen dute euskarak ezarpen sendoa duela organizazioan. Elayko langileen %99 eleanitzak dira eta euskararen erabilera barne prozesuetan %90ekoa da. Gainerako 11 enpresek ere urrezko edo zilarrezko Bikain ziurtagiria badute eta langileen %65 eleanitzak dira.
Atzo Donsotian egindako agerpenean Baztarrikak adierazi du helburua dela enpresetan euskarak gero eta hiztun gehiago edukitzea eta erabilerak gora egitea.