Espainiarekiko alderik ez dago, ordea, urte arteko datuen ordez hiruhilekoen arteko datuak konparatzen direnean, tarte horretan EAE eta Espainia %1 hazi zirelako. EAEko ekonomiak barne eskaritik jaso zuen bultzada guztia.
Kanpo saldoaren ekarpena, berriz, neutroa izan zen, aurreko bi hiruhilekoetan bezala, atzerriarekin izandako merkataritza harremanak hiruhilekoan zehar areagotu ziren arren.
Lehen hiruhilekoan gertatu ziren beherakaden ondoren, EAEko enpresa handi batzuen erabakiek baldintzatuta baitzeuden,
bigarren hiruhilekoan esportazioak eta inportazioak %1,8 hazi ziren aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, termino errealetan neurtuta.
Erabakigarria izan zen kontsumo pribatuak lortu zuen bultzada sendoa, %3,3 gehitu baitzen, enplegu garbiaren sorrera garrantzitsua izan zelako, kontsumoko prezioak hainbat hiruhilekoz jarraian jaitsi direlako, kreditu bat lortzea errazagoa delako, soldatak apur bat igo direlako, etorkizunari buruzko espektatibak baikorragoak direlako, finantza alorreko errenta suspertu delako eta zuhurtziazko aurrezki tasa apaldu delako. Orobat, familiek kontsumo iraunkorreko
ondasunak berritu behar zituzten, aurreko urteetan gastuak murriztu beharrak erosteko erabakia geroratu zuelako.
Ekipamendurako ondasunetan inbertitu da
Inbertsioak bi aurpegiko irudia eskaini duela dio euskal ekonomiaren gaineko txostenak. Alde batetik, ekipamendurako ondasunetan eginiko inbertsioak oso bilakaera dinamikoa izan du, baina, beste aldetik, gainontzeko inbertsioak hobetzeko zailtasunak ditu. Zehazkiago, ekipamenduko inbertsioa %5,9 hazi zen, aurreko balioak nabarmen gaindituz, industriaren susperraldiak eta zahartuta geratu diren ekipoak berritzeko beharrak bultzatuta. Aitzitik, beste osagaia, eraikuntzari lotutakoa, ez zen igo (%0,0).
Industria oneratzen doa
Sektoreen analisiak agerian uzten du hazkundearen osaeran oreka berreskuratu dela, hala industriak nola zerbitzuek balio erantsia %3,1 areagotu zutelako. Zerbitzuei dagokienez, horrek esan nahi du hamarren bakar batean hobetu dutela urte hasierako emaitza, baina industriaren kasuan datuak aurreko bi hiruhilekoetan bizi zen moteltzeak sortu zituen zalantzak uxatzeko balio izan du.