Laburtuz, Alternatibak dituen herri hori irudikatu gura du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladak, eta antolatzaile horien tartean da Bergarako taldea, eskubideen Karta Sozialaren bueltan Debagoieneko talde bakarra, alegia. Bere baitan daude sindikatu guztiak –CCOO eta UGT izan ezik– eta eragile sozial ugari. "Kapitalismoari alternatibak lantzeko gai garen eta horretan sinisten dugunak gaude", azpimarratu dute. "Hurrengo pauso bat izango da Alternatiben Herriaren edukiak eskualdera eta herrietara ekartzea", gaineratu dute.
Debagoiendarrak, Arragoan
Bilboko Areatza eta Alde Zaharraren inguruan egingo da Alternatiben Herria. Jarduera batzuk kalean bertan landuko dira, karpak jarriko dituzte horretarako. Bestalde, lokal publikoak eta herri mugimenduarenak ere erabiliko dira. Guztira, bada, bost auzo izango ditu Alternatiben Herriak.
Eta auzoetan egongo direnen artean, sindikatuak eurak daude, jakina: ELAk eta LABek, Parte Hartze eta Demokrazia eta Herrien Subirautza auzoan, Hemen lan eta bizi, berton erabaki hitzaldian hartuko dute parte. "Enplegu duina, lana eta aberastasunaren banaketa zein oinarrizko errenta, lan harremanen ereduaren oinarria, Euskal Herrian izango dugu mintzagai", zehaztu dute.
Edozein modutan, sindikatuekin batera, Debagoieneko bestelako ordezkaritza ere izango da; Arragoa karpan, zehazki: Eraldaketa soziala euskaratik izango da ala ez al da izango? hausnarketa oinarri duen mahai-ingurua egingo dute, honako partaide hauekin: Ainhoa Larrañaga, Berdin elkartea, Mondragon Unibertsitatea; Naroa Elortza, Arrasateko Ereindajan elkartearen izenean; Paul Bilbao Sarria, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua; eta Unai Fernandez de Betoño, EHUren izenean.
Emunen kontsultorioa
Gune berean izango da, baita ere, Emun kooperatibako ordezkaritza. "Beste gauza batzuen artean, hizkuntza ohiturak aldatzeko kontsultorioa izango dugu Plaza Berrian. Gure aholkulari Txerra Rodriguezek hizkuntza ohiturak aldatzeko gomendioak eta pistak emango dizkio hara bertaratzen den edonori. Horretarako, zitak emango ditugu, 15 minutukoak. Lekua gordetzeko, izena eman beharko duzue txerra@emun.eus helbidean", esan dute. Kontsultorioa irekita egongo da 10:00etatik 14:00etara.
Bertaratzeko autobusak
Horiek dira biharko proposatzen duten egitarauko adibide batzuk. Askoz ere gehiago daude, kirolarekin, kulturarekin, aisialdiarekin… lotutakoak. Egitarau zehatza jakiteko: Alternatibenherria.eus.
Eta hori guztia antolatu dute uste dutelako "eredu sozio-ekonomiko honek" porrot egin duela, eta horren aurrean "alternatiba topatu eta landu" egin behar dela. "Lehen pauso moduan Karta Soziala eztabaidatu eta onartu zen. Konturatu gara teorian azaldutako gai askoren inguruan praktika batzuk martxan daudela jada eta gehienok ez ditugula ezagutzen", esplikatu dute Karta Sozialaren Bergarako taldetik.
Eta zera gaineratu: "Abenduan, klima aldaketaren inguruko nazioarteko goi-bilera egingo da Parisen. Bertan hartuko diren erabakiek izugarrizko garrantzia izango dute, planetaren beroketa prozesua iraultzen ez bada planeta osoaren etorkizuna kinka larrian egongo litzatekeelako. Egoeraren larritasunaren jakitun, Europako eragile ugarik Alternatiben Herriak dinamikak garatzea proposatu dute", eta Bilbokoa da, hain justu, Euskadin egingo dena. Hori abiapuntu, bada, biharko gonbita egin diete debagoiendarrei Bergarako taldetik, esanez, hori bai, "ahal den neurrian" garraio publikoa erabiltzeko edo autoak partekatzeko.