Aberastasunaren Zerga berria "ekonomia sustatzeko" dela azaldu du Ogasun diputatuak

Leire Kortabarria 2015ko urr. 22a, 15:06
Urriaren 22ko Ogasun eta Finantza batzordearen irudi bat.

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren erreforma azaldu du gaur, eguena, Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean. Erreforma horren helburua “ekonomia sustapenari kalte egiten dioten puntuak” kentzea dela azaldu du eta, ildo beretik, inguruko lurraldeekiko harmonizaziorantz pausoak ematea. 

Diputatuak nabarmendu duenez, zerga honek egungo diru-bilketaren %1,6 suposatzen du eta, aurrera begira, ahaleginak ekonomia eta enpleguarekin zerikusia duten zergetara zuzentzea eskatu du, bilketaren %90 baino gehiago suposatzen baitute.

Larrañaga bere aburuz agertu da Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren erreformari buruzko Foru Arau proiektuaren berri emateko. Bertan azaldu duenez, proposamenak zergaren hiru puntu aldatzea jasotzen du eta ez du diru-bilketan eraginik izango.

Batetik, enpresetako parte-hartzeak, egun %75eko hobaria dutenak, salbuetsita uztea proposatzen da. Larrañagak esan duenez, aldaketak ekonomia sustapena eta, honen bitartez, kalitatezko enplegua sortzea du jomuga, “gaur egun duen tratamenduak kalte nabarmena egiten baitio”. Ogasunak biltzen duenaren gehiengoa PFEZeko lan atxikipenetatik eta kontsumotik (BEZaren bitartez) datorrela gogoratu du eta, biak jarduera ekonomikoaren ondorio zuzena direnez, departamentuaren lanak alor honetan zentratuta egon behar duela azpimarratu du. “%90 horretan zentratu behar genuke, zer egin aberastasuna sortzeko eta, gero, hori nola egin gizarte guztiaren mesedetan banatzeko”, azaldu du.

Tasen "igoera txiki bat"

Ondasun higiezinen balorazioaren arloan doa proposatzen den bigarren aldaketa. Zehazki, balioa zehazterako orduan katastroko balioa erabiltzea. Gaur egun, erosketa balioa, katastroko balioa edota Ogasunak kalkulatutakotik altuena hartzen da. “Gauzak errazteaz gain, desagertu egiten dira aurreko sistemak sor zitzakeen zerga-justizia horizontaleko arazoak, hau da, antzeko ondasun higiezinak zerga-ordaintze ezberdina izatea”, esan du Larrañagak.

Azkenik, tasen igoera txiki bat ere aurreikusten da, Araba eta Bizkaian indarrean daudenetara hurbilduz nahiz eta oraindik Gipuzkoa azpitik geratu.

Hurrengo helburua da ondarearen gaineko zerga berri bat onartzea, eta hori datorren urtean egin nahi dute. Gaur egun dagoen zerga ordezkatu nahi du Foru Aldundiak, eta beste zerga "moderno" eta "gaurkotu" bat ezartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak