Ordu bakoitzaren prezioaren arabera ordainduko da argindarra

Idoia Davila 2015ko urr. 21a, 07:00

Argiaren kontagailuak aldatzen ari dira, urriaren 1ean indarrean sartu zen ordainketa metodo berria dela-eta. Sistema horrekin, argindarra ordu horretan daukan prezioaren arabera ordainduko da, eta salneurria ez du Gobernuak zehaztuko.

Orain, argindarra merkeagoa da gauean eta garestitzen doa orduak pasatu ahala. Hala ere, oraindik kontagailu berririk ez dagoen etxeetan orain arte bezala ordainduko dute: bi hilean behin, argindarrak denbora horretan izandako batez besteko prezioa kobratuko zaie. 2018an amaituko dituzte instalazioak, eta, oraingoz, etxeen %30ek dituzte kontagailu berriak, Euskal Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA) dioenez.

Argindar kontsumoa orduka neurtzen duen kontagailuaz gain, beste baldintza bat dago tarifa hori ezartzeko: Tarifa Arautua edo Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa (PVPC) izan behar da kontratatuta. Tarifa hori etxe gehienetan dago, 10 kWh edo gutxiagoko potentzia duena.

Tarifak eta prezioak

Red Electricaren webguneko atal batean, hemen, arratsaldeko 20:15etik aurrera, hurrengo egunean egongo den salneurria kontsulta daiteke. Bertan, hiru tarifa agertzen dira: 2.0.A, 2.0.DHA eta 2.0.DHS.

Lehena tarifa lehenetsia da eta ez du ia salneurri aldaketarik egunean zehar. Beste bietan, ordea, gorabehera handiak daude orduaren arabera, eta, kontsumoa moldatuz gero, dirua aurrezteko aukera ematen duten tarifak dira. Urriaren 5ean, adibidez, 2.0.DHA tarifaren tarte merkeena tarifa lehenetsia baino %52,63 gutxiago kostatu zen. Tarte garestienean, ordea, %14,92 garestiagoa zen soilik. Hala ere, kontsumitzaileak ikusi behar du tarifa hori komeni zaion edo ez, EKAtik dioten moduan.

Horrez gain, energia berriztagarriak martxan jartzen direnean, prezioek behera egiten dute, eta, beraz, euria edo haizea egiten duenean argindarra merkeagoa da.

Hala ere, fakturaren aldaketa ez da hain nabarmena izango; izan ere, kostu orokorraren %37ri bakarrik eragingo dio ordu bakoitzeko prezioak. %38 kostu finkoa da eta %25 zergetan ordaintzen da.

Nola jakin zein tarifa dugun

Etxe batean ze tarifa dagoen jakiteko, fakturak begiratu behar dira. Bertan agertzen da informazio hori, Eibarko Kontsumitzaileen Udal Bulegoak adierazten duenez. Merkatu arautuan edo librean dagoen ere jakin daiteke ordainagiriari begira.

Gomendio orokorrak

Oraindik zaila da aukera onena zein den jakitea, metodo berria da, eta "ikusi egin beharra dago prozesuak nola egiten duen aurrera", EKAko Itziar Larrazek dioenez.

Hala ere, hainbat gomendio orokor ematen dizkio kontsumitzaileari: eskaintzak alderatu behar dira, kontratatutako potentzia zein den jakin behar da eta ordainagiriak arretaz irakurri behar dira. Horrez gain, eskaintzekin kontuz ibili behar dela dio; hasieran, beherapenak egiten dira, baina, hilabeteen buruan, garestiagoak izaten dira.


Informazio gehiago eskuratzeko, EKAra idatz daiteke:

  • urkoadonostia@gmail.com
  • 943 42 39 93.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak