Zenbateko horren bidez 5.000 enplegu sortu eta finkatzen lagunduko da kooperatibetan, autonomoen artean eta, oro har, urtean 2 milioi eurotik beherako fakturazioa duten negozio eta enpresetan.
EIFk ez du enpresentzako laguntza zuzenik eskaintzen, ez eta inbertsio zuzenik egiten ere; horren ordez, finantza-bitartekari egokiak aukeratu eta haien maileguak estaltzeko bermea eskaintzen die. Horrenbestez, Laboral Kutxa arduratuko da linea horretatik bideratutako 75 milioi eurotako maileguak emateaz.
Gaur, urriak 20, ospatzen da Europako Mikrofinantzen Eguna, lehenengo aldiz. Helburua da mikrofinantzak indartzea. Egitaraua astelehenean hasi zen, Belgikako erregina Mathilderekin eta Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Gaietarako komisario Marianne Thyssen-ekin.
Laboral Kutxako presidente Txomin Gartziak eta beste bost finantza-erakundeko ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian. Espainiako estatuko erakunde bakarra izan zen Laboral Kutxa. Sei sinatzaileetatik zenbateko handiena Laboral Kutxak kudeatuko du, izan ere, aurrekontu osoa 237 milioi eurokoa da. Hitzarmenak bi urte eta erdi iraungo du.
Gehienez, 25.000 euro
Hartzaileak, batez ere, mikroenpresak dira, abiatu berri diren enpresak eta jarduera profesionalari ekin berri dioten norbanakoak. Laboral Kutxak azaltzen duen moduan, izan ere, horiek osatzen dute ohiko kreditua lortzeko arazo handienak dituen multzoa.
Maileguei dagokienez, mailegu bakoitzeko gehienez 25.000 euroko kopurua finkatu da, eta itzultzeko epea bost urte artekoa izango da. Interes-tasak lehentasunezkoak izango dira eta inoiz ez da hipoteka-bermerik eskatuko. Ekintzaileei ere ez zaie beste inolako abal osagarririk eskatuko, ekintzaileak berak ematen duenaz gain. Baztertu egin dira higiezinak erosteko eragiketak eta berfinantzaketako eragiketak.