2013an baino %1,4 ume gehiago jaio ziren iaz Euskadin

Leire Kortabarria 2015ko urr. 20a, 08:00

2014an 19.378 haur jaio ziren Euskadin, aurreko urtean baino %1,4 gehiago, Eustaten datuen arabera. Gipuzkoan, zehazki, 6.361 jaio ziren, %1,2 gehiago.

Araban 3.277 ume jaio ziren (%5,7 gehiago), eta Bizkaian, 9.740 (%0,1 gehiago). Jaiotze tasa mila biztanleko 8,9 izan zen. Zifrarik handiena Araban izan zen: ‰10,3; Gipuzkoan, ‰9; Bizkaian, ‰8,5.

Talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, jaiotza guztien %38,3; 2013.aren aldean ehuneko puntu erdia pasatxo txikiagoa. Gehituz jarraitzen dute 35-39 urte bitartekoen jaiotza-kopuruak (%34,5) eta 40 urtetik gorakoenak (%7,8). Azken bost urteetan ez bezala, 25-29 urte bitartekoen haurrak (%13,6) eta 20-24koenak (%4,6) gutxituz doaz. Ama nerabeak guztien %1,3 izan ziren, zertxobait gehituz.

Amen %18,3 atzerritarrak ziren; 3.551 haur ekarri zituzten. 594 ama, Marokokoak; 348, Errumaniakoak; 247, Kolonbiakoak; 243, Boliviakoak; 169, Aljeriakoak; 158, Ekuadorkoak; 151, Nigeriakoak. Atzerritarrek, batez beste, 30,3 urterekin izan zuten haurra; espainiarrek, 33,9 urterekin. 2014ko ama lehen erdituen batez besteko adina 32,3 urte zen.

Ezkontzatik kanpo, gero eta gehiago

Ezkontzatik kanpo jaiotakoen kopuruak hazten jarraitzen du. Izan ere, iaz 7.732 izan ziren, guztien %39,9, 2013an baino %6,6 gehiago. Bizkaiak Euskal AEk baino ehuneko handiagoa izan zuen, %41,2; Arabak %39,7; Gipuzkoak %38. 2004koa (%22) eta oraingoa alderatuz gero, ezkontzaz kanpo jaiotakoak ia bikoiztu egin dira.

2014ko lehen jaiotzak guztien %53,3 izan ziren; bigarrenak %37,5; hirugarren eta ondorengoak %9,2.

Erditzeak 18.908 izan ziren: horietatik 18.385, bakunak; 510, bikoitzak; eta 13, hirukoitzak. 1.091 erditze (%5,8) garaiz aurrekoak izan ziren.

2014an bizirik jaioen artean, 100 neskatoko 104 mutiko jaio ziren. Mutikoen batez besteko pisua 3.321,3 gramo izan zen; neskatoena, 3.191,7.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak