Hain justu, Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten 2007an Seguran Mikel Zubimendi, eta eta lau hilabete geroago, 2008ko otsailaren 11n, Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondo. Azken biek bina urte eman zituzten kartzelan; bi urte eta erdi, berriz, Mikel Zubimendik.
Ingurumari hartan, ETAk su-etena amaitutzat jo zuen 2007ko ekainean, eta lau hilabete geroago egin zituzten Segurako atxiloketak. Batasuna legez kanporatua zegoen Espainian –ez Frantzian– 2003az geroztik –Espainiako justiziaren eta Europako Batasunaren arabera ETAren beso politikoa izan zen Batasuna–, eta atxilotutakoak hura berrantolatzeko nahian zebiltzan akusaziopean atxilotu zituzten.
Talde terroristako kide
Ino Galparsoro, berriz, ANVren izenean Arrasateko alkate zela atxilotu zuten 2008ko apirilean, Arrasaten. 2008ko martxoan zentsura-mozio baten bitartez Galparsoro botatzea proposatu zuten, Isaias Carrasco zinegotzi sozialistaren hilketa ez gaitzesteagatik –2008ko martxoan hil zuen Carrasco ETAk–. Zentsura-mozioa ez zen onartu, eta hilabete geroago kartzelaratu zuten Galparsoro, Garzon epailearen aginduz.Uztail amaieran askatu zuten.
Bada, orain hasiko den epaiketaren akusazioa lau debagoiendarrendako da berbera: ETAren mesedetan lanean jardutea. Eta fiskalaren zigor eskaera ere berbera da guztientzat: hamarna urteko kartzela zigorra, talde terroristako kide izatea leporatuta.
"Guztia da ETA"
Ezkor egin behar diote aurre epaiketari eskualdeko politikari ohiek. "Abokatuak ez dira oso itxaropentsu azaldu", jakinarazi du Arantzabalek. "Esperantza handirik ez dugu", gaineratu du Galparsorok. "Herriko tabernen auzian erabilitako argumentua bertan behera bota dute, eta hori zen gure oinarrietako bat", esplikatu du hark.
Laburbilduz, 04/08 sumarioan inputatuta daudenetako bat bera ere ez zegoela legez kanporatutako elkarteren batean, beraz, ez zirela talde terroristako kide; horixe zen defentsaren argudio nagusia. Baina herriko tabernen auzian, "guztia da ETA" arrazoinamendua erabili zuten inputatuen argudioa atzera botatzeko.
"Zigor gogorra"
"Inork ez zuen pentsatuko Euskal Herrian gaur egun bizi dugun egoerarekin halako epaiketa politikorik egongo zenik, eta ezta ere halako zigor gogorrik eskatuko zenik", salatu du Arantzabalek. "Neronek ere ez nuen pentsatuko kartzelara bueltatuko nintzenik, baina orain… batek daki", dio Arantzabalek.
Hori bai, fiskalaren zigor eskaera jaisteko eskatu behar dute. "Gradu bat jaisteko, ia zortzi urte atzeratu da-eta epaiketa. Eta epaiketa larregi luzatu izana bestelako kasu batzuetan aintzat hartzen da", esplikatu du Arantzabalek. 04/08 sumarioaz arduratuko den Concepcion Espejel epaileak eskaera hori onartuz gero, asko jota 3-6 urte bitarteko kartzela zigor eskaera egin dezake, eta orain, 6-12 urte bitartekoa du mahai gainean.