Araugileak azaltzen duenez, Euskadik %90 baino mendekotasun handiagoa dauka energia baliabideei dagokienez, eta horrek eragina du ordainketa-balantzan eta finantzetan. Azken 30 urte hauetan Euskadin egin diren energia politikei esker, euskal energia sistema oso dibertsifikatuta dagoela azaltzen du Jaurlaritzak.
Testuinguru horretan, energia iraunkortasun handiagoa lortzea da erronka, eta "euskal sektore publikoa bide erakuslea izango da", Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Helburuak lortzeko, 90 milioiko inbertsioak egin behar izango dira.
Tarteko lehen helburu gisa, %12 energia gutxiago kontsumitu nahi da 2020. urterako.
Dekretuaren ardatz nagusiak hauek dira:
Energia eraginkortasuna eta aurrezkia: Ekintza zehatzak egingo dira instalazio publikoen energia eraginkortasun maila egokiena lortzeko eta haien kontsumoak hobetzeko. Adibidez: eraikinak berrituko dira, argiztapen eraginkorragoak ipiniko dira, galdara-gelak hobetuko dira…
Iturri berriztagarrien bidezko energia erabiltzea: Euskal sektore publikoari lotutako eraikinen %32k, gutxienez, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak eduki beharko dituzte 2020an, eta %40k, 2025ean.
Administrazioaren eraikinak eta babes ofizialeko etxebizitzak: Hiru urtean, eraikin eta instalazio guztiek energia auditoria egin beharko dute eta Energia Eraginkortasun Ziurtapena eduki beharko dute. Gainera, gaur egungo eraikinen laurdenek energia kalifikazioa hobetu beharko dute 2025erako. Horrekin batera, eraikin berriak eta gaur egungo eraikin berrituek ia energia kontsumo nulua izan beharko dute, eta energiaren %70 iturri berriztagarrien bidez jaso beharko dute.
Kontsumoen kontrola: Eraikin bakoitzean kontrolatuko da zenbat energia kontsumitzen den.
Instalazioen, ekipoen eta ibilgailuen flotak berritzea: Errendimendu handiko produktu, ibilgailu, zerbitzu eta eraikinak eskuratu edo eginaraziko ditu Eusko Jaurlaritzak.
Mugikortasun planak: 100 langile baino gehiago dituzten administrazioaren lantokietan garraio planak egingo dituzte bi urteko epean.