Banaketa eguaztenean Gasteizen egin zen zen Herri-Dirubideen Finantza Kontseiluan adostutako ekarpen eta aurreikuspenen ondorio da, datu hauetan oinarrituta zehaztu baitira 2015eko aurrelikidazioa eta 2016ko aurrekontua. Kontseiluaren aurretik Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, harrera instituzionala egin zion Foru Jauregian Imanol Landa Eudeleko presidenteari.
Foru Fondoak aurreko urtean baino 25 milioi euro gehiago izango ditu aurten (+%5,86). Hala ere, Larrañagak gogoratu duenez, desadostasun nabarmenak daude Euskal Autonomi Erkidegoa eta Estatuaren artean Kupoa kalkulatzerako orduan, eta udalek urte amaiera bitartean duten arriskua 22,4 milioi eurotan estimatu dute.
2016rako, 459 milioiko aurrekontua
Datorren urtera begira, Gipuzkoako udalek Foru Fondoaren bitartez 458,9 milioi euro jasotzea aurreikusten da, eta honi jarraiki egingo dituzte euren aurrekontuak lurraldeko udalerriek. Kantitate hori 2015eko aurrelikidaziokoa baino 15,5 milioi gehiagokoa da (%3,49ko hazkundea) eta 2015eko aurrekontuekiko 29 milioiko hazkundea dago (%6,82 gehiago).
Foru diputatuak egoeraren irakurketa baikorra egin du, eta Ogasuna diru-bilketan lortzen ari den emaitza onak erakunde guztien eta, oro har, gizarte guztiaren mesedetan dela gogoratu du. “Aurreikuspenak betetzea denontzat da onura, baita udalentzat ere”, nabarmendu du.
Gizarte-Politikarako Funtsa sortuko da, 10 milioirekin
Udal ordezkariek egubakoitzeko bileran jaso duten berrikuntza nagusietako bat Gizarte-Politikarako Funtsaren sorrera da, 2016ko aurrekontuetan errealitate bihurtuko dena. Larrañagak azaldu duenez, Aldundiak begi onez ikusten du tresna honen sorrera, egungo testuinguru sozioekonomikoan “erabilgarritasuna” bermatuta baitu. Hasiera batean 10 milioi euroko aurrekontua izango du eta, 2017ko aurrekontuetan, kantitatea 20 milioi eurora bikoiztuko da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!