Esperientzien Trukegunea izeneko ekitaldia ere izango da bihar, non euskaltzaleen mugimenduko kideen parte-hartzearekin garatzen ari diren bost esperientzia ezagutu ahal izango diren zuzenean.
Ekitaldi horiek mugimendua bateratzeko balio dute, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartekoek dioten moduan. Jardun euskara elkartearen hitzetan, "elkarteek urte osoan zehar euren kontura egiten dutena beste elkarte batzuekin bateratzeko balio du", informazioa trukatzeko aukera da Topa Eguna. Lagunen artean egindako ekitaldi bat da, Goibeko elkartekoen ustez, eta helburu bera dute denek: euskara.
Hala ere, herri txikietan mugitzen diren elkarteak hurbileko errealitatean murgiltzen dira. "Kasu txikiagoa egiten diegu horrelako ekintzei", dio Rosa Mondragonek, Txirritolatik.
Bailarako ekintzak
Hurbileko ekintza horien artean, Debagoieneko euskara elkarteek urte osoan zehar antolatutakoak daude. Gehienak mintzapraktiketako kanpainan murgilduta daude orain, eta herrietan hainbat ekitaldi egiten dituzte.
Arrasateko AED Osakidetza euskalduntzen ari da, eta hainbat hitzaldi ari da antolatzen. Bergarako Jardun, ordea, elkartearen 25. urteurrenaren harira ekitaldiak antolatu ditu, ohiko ekintzei ere eutsita.
Loramendik aisialdia euskaraz eskaintzen du eta azarorako euskalki ikastaroa antolatu du Aretxabaletan, baita film labur ikastaro bat ere. Aramaion hika ikastaro bat eta San Martin egunerako ekintzak antolatu ditu Txirritolak.
Horrez gain, hainbat elkarte eta herri elkarlanean Euskararen Eguna ari dira prestatzen abenduaren 3ari begira. Goibekok, gainera, pixkanaka martxan jarri nahi du berriro elkartea, eta Euskarak 365 ekimena bultzatu nahi du Elgetan. Datorren urterako plangintza zehazten ere lan handia dute hainbat elkartek hilabete hauetan.