Gurasoen komunitatea indartzen

Mirari Altube Arrese 2015ko urr. 16a, 14:23

Gurasotasuna eta euskara. Horiek izan dira Guraso.com proiektuaren ardatzak 2009an sortu zenetik eta horiekin jarraituko dute aurrerantzean ere. Proiektua, baina, hazi egin da, hobetu egin dute eta aukera berriekin dator orain. Horren guztiaren berri emango dute Txatxilipurdi elkarteko kideek eta Goiena Komunikazio Taldekoek datorren martitzenean, hilak 20, 11:00etan, Arrasateko Kulturaten.

"Gutxi ziren bi ardatz horiek, gurasotasuna eta euskara, kontuan hartuta orain dela sei urte martxan ziren antzerako proiektuak. Zorionez, kontuak asko aldatu dira. Eta gure proiektuak, gainera, bere bidea egin du", jakinarazi dute sortzaileek, Txatxilipurdiko Lander Juaristik eta GOIENAko Larraitz Zeberiok. 

Bidelagun garrantzitsuak izan dituzte zeregin horretan. Sostengu ekonomikoa eskaini diete Arrasateko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. "Eta sostengu garrantzitsua izan da urteen poderioz saretzen eta egonkortzen joan den kolaboratzaile talde anitza, guztiak ere ikuspuntu ezberdinetatik elikatzen eta aberasten joan direnak ataria", diote.

Nobedade asko

Proiektuak, baina, hazten jarraitu gura du eta sei urte pasatxoko ibilbidearen ostean gauza gehiago eta hainbat formatutan eskaintzeko bokazioarekin dator. 

Batetik, Guraso.com ataritik Guraso.eus-era egingo du salto. Eta bestetik, plataforma digital berriak ekarriko ditu aukera berriak gaiak lantzeko: "Txiki geratu zaigu orain arte erabili dugun plataforma eta blog batera egin dugu salto. Audioak, bideoak, kolaboratzaileen zutabeak, gaika landutako estekak eta beste hainbat kontu eskainiko ditugu", argitu dute eta gaineratu: "Beste modu batera esanda, orain arte pilatutako materiala berrantolatu eta leiho berriak zabaldu ditugu". 

Sare sozialetan duten presentzia ere indartu egingo dute eta Facebook eta Twitter bidez jarraitu ahal izango dute horren jarduna. 

Makilatxo magikorik ez 

Guraso izateak mila ertz ditu eta familia bakoitzak bere izaera, bizitzeko era, estiloa. Jakinekoa da sorpresaz betetako abentura dela gurasotasuna. Ardura handikoa ere bai. Eta horregatik galdera eta zalantza mordoa sortzen dira, unean unekoak. "Guraso.eus atarian jarduten dugunok ere galdera eta zalantza asko ditugu guraso moduan. Eta ez dugu maki

latxo magikorik. Baina badugu kolaboratzaile eta aditu sare egonkor bat eta gurasotasunaren inguruan sortzen diren gaien jarraipena egiten dugu", diote Juaristik eta Zeberiok. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak