Kanpainaren aurkezpena Maite Peñak berak, Jon Darpon osasun sailburuak, Katxalin elkarteko presidente Txaro Beobidek eta Onkologikoko Maria Jesus Mitxelenak egin dute.
Bertan, besteak beste, gaixotasunaren inguruko datuak eman ditu Mitxelenak. Urtean bularreko minbizia duten 1.400 kasu berri diagnostikatzen dira EAEn eta gaixoen batezbesteko adina 60 urtekoa da.
Elkarlanaren garrantzia
Honez gain, Maite Peña diputatuak Katxalinen, Gipuzkoako Bularreko Minbizidunen Elkartearen, lana azpimarratu du eta babesa eman dio haiek egiten duten lanari. Foru Aldundia elkartearekin elkarlanean urte asko daramatzala ere gogoratu du.
Diputatuaren hitzetan Katxalin da bularreko minbizia pairatzen duten edo izan duten emakumeak hobeto ezagutzen dituen erakundea: "Haiek dakite bakoitzari nola lagundu behar zaion". Elkartearen bi helburu nabarmendu ditu Peñak: bularreko minbizia duten emakumeen bizi kalitatea hobetzea eta ikuspegi baikorrago bat ematea gaixotasunari.
Horretarako, Katxalinek informazioa zabaldu eta gizartea sentsibilizatzen du. Emozioak bideratzen laguntzeko terapiak ere egiten ditu eta emakumeari eta haren familiari babesa ematen diote.
Aurtengo kanpainaren baitan gainera elkarteak 5,5 kilometroko lasterketa solidarioa eta bularreko minbiziaren inguruko mahai-inguru eta hitzaldiak antolatu ditu.
Prebentzioa eta ohitura osasungarriak
Txaro Beobide Katxalin elkarteko presidenteak, bere aldetik, aldez aurretiko lanaren garrantzia nabarmendu du, baita bizi ohitura osasungarriak mantentzearen beharra. Bi faktore horiek dira "bularreko minbiziari aurre hartzeko modurik onenak", Beobideren hitzetan.
Prebentzioa azpimarratuz gaixoen ongizatea lortzeko egiten diren entsegu klinikoei babesa erakutsi die, Estatuko minbiziaren aurkako federazioaren manifestuarekin bat eginez.