EAEko ekonomiari euskarak egiten dion ekarpena ezagutu, euskarak sortzen duen aberastasun ekonomikoa neurtu eta euskara-sektoreen dimentsio eta balio ekonomikoa kuantifikatzea izan da ikerlan horren helburua.
I+G+b-k baino pisu handiagoa
Ikerlanak ematen dituen datu ekonomikoen artean honakoak daude: euskara da EAEko BPGren %4,2, zehazki 2.800 milioi euro (alderaketa egitearren, osasuna %8,8 da; hezkuntza, %5,5; turismoa, %5,8, eta I+G+b, %2,1).
Balio Erantsi Gordina ere kalkulatu da. Kontzeptu horrek ekoizpen prozesuan produktu edo zerbitzu bati erantsitako balioa adierazten du; jarduera ekonomiko jakin bati dagokion BEGetik kanpo daude, beraz, beste jarduera ekonomikoei egindako transakzio ekonomikoak edo tarteko kontsumoak. Bada, EAEko ekonomiaren BEGekiko %4,52 suposatzen du euskarak, denetara 2.751 milioi euro. Horietatik 1.867 zuzenean sortzen ditu; 232, zeharka, eta 650, induzituta. Eta EAEko enpleguaren %6,3 euskararen sektorean dago; 56.142 lanpostu, horietatik 42.724 zuzenekoak, 3.748 zeharkakoak eta 9.670 induzituak.
Zeharkako eraginean kontuan hartzen dira sektore jakin batek egiten dituen era guztietako gastu eta inbertsioak, sektore horretan ez ezik, gainerako sektoreetan, enpleguan eta errentan. Eta eragin induzituak definitzen du honako hau: sektore jakin bateko zuzeneko eta zeharkako enpleguaren familia errentetatik abiatuta, errenta horien zati bat barne kontsumorako erabiltzen da, eta kontsumo horrek EAEko ekonomia produktiboan du eragina.
Interneten, 44.a
Bestelako datu batzuk ere eman ditu Baztarrikak: hain zuzen, Interneten nabigatzeko erabiltzen diren hizkuntzen artean 44.a da euskara; Twitterren erabiltzen diren 33 hizkuntzen artean dago; Wikipedian 34.a da; eta Europako Batasuneko 10 estatu hizkuntzatan baino artikulu gehiago daude euskaraz Wikipedian.