MUk zapatuan hasiko du EBA mailako liga, La Flecharen kontra jokatuta

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 15a, 12:33

Denboraldiaurre luze baten ostean MUko jokalariei iritsi zaie kantxara salto egiteko ordua (zapatua, 18:00, Iturripe). Eta, ligako lehenengo partiduan Valladolideko La Flecha izango dute aurrean. Bestalde, bazkide kanpaina ere abiarazi dute –bideo eta guzti– eta helburua da 300 bazkide lortzea. Horretarako, hainbat ekimen jarri dituzte abian.

Iaz mailari eusteko helburua lortuta –nahiz eta azken jardunaldietan gura baino gehiago sufritu zuten– zuri-moreek beste aurrerapauso bat emateko egingo dute lan, eta albiste ona da Josu Larreategik iazko jokalari gehienak izango dituela eskura.  

Barrena eta Atxa dira salbuespenak, lehenengoak saskibaloia uztea erabaki du, eta Atxa abendura arte kanpoan egongo da ikasten. Jokalari berri bakarra fitxatu dute zuri-moreek, Bergaratik datorren Jon Ugarteburu. Baina, seguruenik fitxaketa onena Beñat Barberena izango da; iaz min hartuta egon zen arrasatearra errekuperatu dago.  

Helburua: 300 bazkide 

Bestalde, klubak bazkide kanpaina jarri du abian. Bazkide txartelak 30€ balio du eta elkarteari beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa emateaz gain, EBA taldearen partidak doanik ikusi eta deboraldian zehar izango diren zenbait zozketatan parte hartzeko aukera ematen du. EBA partidetarako sarrerak 3 € balio du. Sarrerarekin batera, bai bazkide zein sarrera erosi dutenei, partida guztietan SUSTRAI fruitudendak eskeinitako fruitu otarraren zozketan parte hartzeko txartel bat erregalatuko zaie. Otra zozketarako txartel gehiago erosteko aukera izango da, euro banaren truke.

Zapatuan bertan jaso daitezke bazkide txartelak 

Jada bazkide direnek, emandako agiria erakutsiz karneta jasotzeko aukera izango dute larunbateko partidan. Denboraldiko partida guztietan bazkide egiteko aukera izango da Iturripeko sarreran bertan. Bertara urbiltzeko aukera ez baina bazkide izan nahi dutenek,ointxe@ointxe.com helbidera eskaera luzatuz lortu dezakete euren bazkide txartela. Baita Ederra tabernan ere.

Eslogan txapelketa, ekimenetako bat

Elkarteko jokalari guztien artean eslogan txapelketa ipiniko du abian OINTXE!-k. Esloganaren helburua bazkidetza kanpaina bultzatzea izango da. Epea, urriaren 21ean amaituko da. Eslogana ointxe@ointxe.com helbidera bidaliko beharko da epea amaitu aurretik, egileen izenak adierazita. Eta esloganak euskaraz izango dira. Esaldia bera eta marrazki edo idazkera formatua ere baloratuko dira. Irabazleak talde argazkia atera ahal izango du jokalariekin, eta Laboral Kutxa Baskonia taldearen partidu baterako lau sarrera irabaziko ditu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak