Hitzarmena sinatu duten finantza entitateak ondorengoak izan dira: BBVA, Laboral Kutxa, Banco Santander, Kutxabank, Bankoa Crédit Agricole, Caixabank, Caja Rural de Navarra, Banco Popular eta Banco Sabadell Guipuzcoano.
Hitzarmenean, zehazki, finantza entitateak bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzera konprometitzen dira. Horretarako, hainbat helburu zehatz finkatzen dira:
1. Idatzizko harremanetan, euskaraz eta gaztelaniaz izango dira honako hauek:
- Txekeak, kreditu txartelak… eta bezeroei eskaintzen dizkieten gainerako dokumentu guztiak.
- Seinale guztiak, toponimikoa barne.
- Jendaurrean jartzeko kartel edo errotuluetan ageri den informazio finko edo aldakorra.
- Jendearen eskura dauden inprimaki edo katalogoak.
- Bezeroek bete behar dituzten inprimakiak.
2. Ahozko harremanetan:
- Bezeroari arreta emateko zerbitzu eta departamentuek bezeroari arreta emateko prest egon behar dute, bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan aritzen dela ere. Eta, ondorioz, pertsonal berria hartzerakoan, betebehar hau bermatzeko neurriak hartuko dira.
- Telefono bidez, era pertsonalean edo automatikoki, eskaintzen den zerbitzuan ere, euskararen erabilera bermatuko da.
Jarraipen Batzordea sortu dute
Finantza entitateen konpromisoen ondoren, hitzarmenak Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetzaren ildoak zehazten ditu. Honako hiru hauek dira:
- Informazioa eta ezagutza trukatzea.
- Aholkularitza ematea.
- Eskura dituen hizkuntza baliabideak eskaintzea.
Gainera, Jarraipen Batzordea eratu da, hitzarmenean jasotakoaren ebaluaziorako.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak liburuxka bat argitaratuko du kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen gaineko oinarrizko informazioa eskaintzeko. Liburuxka hori, hitzarmena sinatzen duten finantza entitate gehienetan jarriko da bezeroen esku.