Adegiren esanetan, Gipuzkoaren ekonomia %2,6 haziko da, iaz baino puntu bat gehiago

Adegiko idazkari orokor Pello Gibelalde.

Euskal ekonomia %2,6 haziko da aurten –iaz %1,7 hazi zen, eta %2 murriztu zen 2013an). Horixe da Adegi patronalak eman duen iragarpena, urteko ekonomia testuinguruaren gaineko inkestaren ondorioak jakinarazteko prentsaurrekoan. Ohi bezala, Adegiko idazkari nagusiak gidatutako ekitaldian eman dituzte datuok.

Gipuzkoaren ekonomiak "oneratzen jarraitzen" du, Adegiren esanetan. Hazkunde datuaz gain, batez beste 5.000 enplegu sortuko direla uste du Adegik (2014an sortu zirenak baino hiru aldiz gehiago), nahiz eta enplegu-sorrera erritmoa geldoagoa izango den urteko bigarren erdi honetan. Erritmo-geldotze horren faktoreen artean aipatu dituzte Txinako eta Brasilgo ekonomien moteltzea, Volkswagenen krisia eta petrolioaren egoeraren eragina industrian.

Gipuzkoako enpresen konfiantzak maximoetan jarraitzen du: enpresen %87,5ek uste dute merkatua berraktibatzen edo normal dagoela.

Hiruhilekoka, fakturazioa %3,7 handitu da, barru-merkatua dinamikoagoa egon delako (+%3,4) eta kanpo-merkatuak erritmoari eutsi diolako (+%4,1). Enpresen %51,5ek aurreko hiruhilekoan baino gehiago saltzea lortu dute.

Kezka nagusia, Espainiako ekonomia

Alde negatiboan, errentagarritasuna txikitu egin da, globalizazioak lehiakortasuna handitu duelako. Hala, enpresen %71k eskaera-maila normala edo handia dutela diote, baina eskaeron hazkunde-erritmoa moteldu egin da.

Enpresek kezka handiagoa erakutsi dute nazioarteko ekonomia ahul ikusten dutelako, baina euren kezka nagusia Espainiako ekonomiaren egoera da.

Adegiren esanetan, oneratze prozesua "gero eta indartsuago" izatea ahalbidetzen duten faktoreek -petrolioaren eta lehengaien prezioa, euro baxua, inflazio egonkorra eta txikia eta interes-tipo oso baxuak- bere horretan jarraitzen duten arren, herrialde aurreratuetan oso gutxi hazi da inbertsioa, eta munduko merkataritza harremanak murriztu egin dira, garatzeko bidean dauden herrialdeak atzeraldian daudelako. Horrek oztopatu egiten ditu Gipuzkoako esportazioak, eta Gipuzkoaren BPG eta enplegua nahi baino motelago haztea eragiten du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.